Itxi

Eibar

Hypermotion Liga

Eibarrek luzapenean galdu du Espanyolen aurka irabazita zeukan partida (2-3)

EITB Media

Joseba Etxeberriaren taldea aurretik zihoan markagiluan partida amaitzear zela, baina Espanyolek bi gol sartu ditu hiru minututan eta norgehiagokari buelta eman dio luzapenean.

  • Peru Nolaskoinek egin du Eibarren bigarren gola. Argazkia: @SDEibar

    Peru Nolaskoinek egin du Eibarren bigarren gola. Argazkia: @SDEibar

SD Eibarrek kolpe latza jaso du arratsalde honetan Espanyolen aurka Ipuruan jokatutako partidan; izan ere, talde katalanak norgehiagokaren luzapenean, hiru minuturen buruan egindako bi golekin irauli du markagailua.

Horrenbestez, Joseba Etxeberriaren mutilek ez dute baliatu Leganesek Santanderreko Racingen aurka utzitako bi puntuak (0-0), eta Hypermotion Ligako sailkapenean hirugarren tokira jaitsi dira.  

Armaginek 39. minutuan hartu dute aurrea markagailuan, Jon Bautistak sartutako golari esker. Mario Sorianok pasatu dio baloia, eta ezkerreko hankarekin jaurtita bidali du sarera.

Bigarren gola Peru Nolaskoinek egin du 65. minutuan, area ertzetik sekulako jaurtiketa eginda. Zutoinean jota sartu da baloia atean.

Alabaina, 77. minutuan partida erabat aldatu da. Martin Braithwaitek penaltiz egin du bi eta batekoa, eta luzapenean gauzatu da ezustekoa.  

Salvi Sanchezek 97. minutuan berdindu du norgehiagoka.

Garaipenaren gola bi minutu geroago sartu du Jose Carlos Lazok, area barrutik egindako bolea batekin.

 

Egindakoa ezin sinetsita, pozarren amaitu du talde katalanak, eta lur jota Eibarrek. Emaitza horren ondorioz, Joseba Etxebarriaren taldea (46 puntu) hirugarren tokira jaitsi da, eta Espanyolek (47 puntu) eskuratu du sailkapeneko bigarren tokia.

FITXA TEKNIKOA

2 - Eibar: Luca, Tejero, Berrocal, Arbilla, Rios Reina, Nolaskoain (Sergio Alvarez, 73. min), Matheus, Aketxe (Corpas, 82. min), Mario Soriano (Cristian Gutierrez, 89. min), Stoichkov (Vencedor, 89. min) eta Bautista (Sergio Leon, 82. min).

3 - Espanyol: Pacheco, El Hilali (Lazo, m. 84), Sergi Gomez, Victor Ruiz, Cabrera, Puado, Aguado (Gaston, 89. min), Keidi Bare, Jofre Carreras (Salvi, 69. min), Braihtwaite eta Pere Milla (Keita Balde, 69. min).

Epailea: Alejandro Quintero. Txartel horia atera dio Joseba Etxeberriaren 29. Mintuan, Peru Nolaskoaini, 53. Minutuan; eta Oskar Gili 63. Minutuan, Espanyolen aulkian zegoela.