Itxi

Munduko futbol txapelketapelketa

QATAR 2022

Frantzia, final-zortzirenetarako lehen sailkatua Danimarkari irabazita (2-1)

B. L. G. | EITB MEDIA

Egungo munduko txapeldunak Mbapperen bi golei esker lortu du sailkapena partida zirraragarri baten ostean garaipena lortuta.

  • Frantziako selekzioko jokalariak gola ospatzen

    Frantziako selekzioko jokalariak gola ospatzen. Argazkia: EFE

Frantziako selekzioa, egungo munduko txapelduna, Qatarko Munduko Txapelketako final-zortzirenetan arituko da lehen bi jardunaldiak irabazi ondoren. Partida gogorra izan dute larunbat honetan Danimarkaren aurka eta ez dute garaipen erraza lortu. Aurretik jarri dira Mbapperen gol bati esker, baina berehala berdindu du norgehiagoka Christensenek. Azkenean, partida amaitzeko bost minutu falta zirela, Griezmannek egindako erdiraketa bikain bat sarera bidali du Mbappek.

Lehen zatian Frantziako selekzioa nagusitu da. Joko aldetik ez ezik, aukera argienak ere Didier Dechampsek zuzendutako taldeak izan ditu. Lehena Varanen errematea izan da, korner batean. Dembeleren jarduna izan da azpimarragarriena frantziarren erasoan. Hark zuzendu ditu eraso gehienak eta Bartzelonako jokalariaren oinetatik igaro dira jokaldi arriskutsuenak.

Griezmannek ere gola egiteko aukera izan du bakarkako jokaldi baten ostean, baina Schmeichelek ezerezean utzi du aukera. Mbapperen erdiraketa batek ere urduritu ditu Danimarkako defentsak, eta Koundek ondo errematatu duen arren, defentsak baloia atera du.

Danimarkak ere izan du aurreratzeko aukerarik. Cornelius Llorisen areara sartu da eta jaurtiketa gogor batekin gola egiteko aukera izan du. Hala ere, kanpora joan da nordikoek lehen zatian izan duten abagune argiena.

Bigarren zatia bizi-bizia izan da. Bi taldeak garaipenaren bila irten dira eta partidaren agintea tartekatua izan da. Lehen 10 minutuetan Danimarka nagusitu da, baina 56. minutuan Mbappek egindako jaurtiketa batek Dechampsen taldea esnatu du. Orduan, 60. minutuan, Mbapperen eta Theo Hernandezen arteko jokaldi baten ostean, paristarrak partidako lehen gola egin du.

Hala ere, Danimarkarrek azkar batean berdindu dute norgehiagoka: Andreas Christensenek korner bat errematatuta lortu du gola. Markagailuan 1-1ekoa jarrita, nordikoek garaipenaren bila egin dute salto eta minutu benetan oldarkorrak jokatu dituzte. Lindstromek 72. minutuan area txikian bakarrik zela errematatu eta Llorisek galarazi egin du Danimarkarren bigarren gola. 80. minutuan, berriz, Braithwaitek izan du bere selekzioa aurretik jartzeko aukera. Jaurtiketa, ordea, zutoina jo eta hondoko marratik irten da.

Larri zebilen Frantzia, baina 85. minutuan, Antoine Griezmannen erdiraketa bikain bat jasoz, Mbappek iztarrarekin egin du garaipenaren gola bigarren zutoinetik. Paristarra txapelketako golegile nagusia da orain Enner Valencia ekuadortarrarekin berdinduta.

Hala, Frantzia da final-zortzirenetara sailkatu den lehen selekzioa. Didier Dechampsen jokalariek munduko txapeldunen madarikazioarekin amaitu dute, eta txapelduna izan ondoren multzoko fasetik igarotzea lortu duen lehen selekzioa da azken lau edizioetan.

Fitxa teknikoa:

2- Frantzia: Lloris; Koundé, Varane (Konaté, 75. min), Upamecano, Theo Hernandez; Rabiot, Tchouaméni; Griezmann (Fofana, 92. min); Dembelé (Coman, 75. min), Giroud (Thuram, 63. min), Mbappé

1- Danimarka: Schmeichel; Andersen, Nelsson, Christensen; Kristensen (Bah, 92. min), Hojbjerg, Eriksen, Maehle; Lindstrom (Norgaard, 85. min), Cornelius (Braithwaite, 46. min), Damsgaard (Dolberg, 73. min).

Golak: 1-0, m.61: Mbappé; 1-1, m.68: Christensen; 2-1, m.86: Mbappé

Epailea: Szymon Marciniak (POL), txartel horiak atera dizkie Koundé frantziarrari (43. min) eta Christensen (23. min) eta Cornelius (20. min) danimarkarrei.