Itxi

Osasuna

EA Sports Liga

Bi partidako zigorra ezarri diote Abel Bretonesi, epaileak Real Madrilen aurkako partidan kanporatu zuen eta

EITB

Ligako lehen jardunaldiko neurketako azken minutuetan, Osasunako ezker hegaleko atzelariari zuzeneko txartel gorria atera zioten; izan ere, RFEFen iritziz, Gonzalo jokalariarekin izandako keinua "bortitza izan zen, eta jokoarekin loturarik ez zuen, baloia jokatzeko aukerarik gabe zebilela".

  • Abel Bretonesi txartel gorria atera zioten, Bernabeun. Argazkia: EFE.

    Abel Bretonesi txartel gorria atera zioten, Bernabeun. Argazkia: EFE.

Abel Bretones Osasunako ezker hegaleko atzelariari bi partidako zigorra ezarri diote, 2025-26 denboraldiko EA Sports Ligako lehenengo jardunaldian Nafarroako taldeak Real Madrilen aurka, Santiago Bernabeu futbol zelaian, jokatutako partidan epaileak zuzeneko txartel gorria aterata kanporatu baitzuen. Neurketako azken minutuetan, Osasunako jokalariak, Espainiako Futbol Federazioaren iritziz, Real Madrileko Gonzalo jokalariarekin izandako keinua "bortitza izan zen, eta jokoarekin loturarik ez zuen, baloia jokatzeko aukerarik gabe zebilela".

Adrian Cordero epailearen iritziz, Bretonesek ukondokada bota zion futbolari aurkariari. Hala, Espainiako Federazioak ez ditu aintzat hartu Osasunak aurkeztutako arrazoibideak; helegitean, Nafarroako klubak adierazten zuen "hautemate akatsa" izan zela, epailearen aldetik; arauaren aurkako ekintza izanda ere, "ohartarazpen soila" egin behar izan ziokeen, "ez epaileak erabakitako kanporatzea".

Beraz, Alessio Lisci entrenatzaileak ezingo du Abel Bretones zelairatu, partida hauetan: Osasuna-Valentzia (hilaren 24an, 17:00etan), eta Espanyol-Osasuna (hilaren 31n, 19:30ean).