Osasuna
Larunbatean, 22:00etan
Osasunak puntuak behar ditu jaitsiera postuetatik irteteko
Erredakzioa
Jose Luis Mendilibarren mutilek Sevillaren aurka jokatuko dute Sanchez Pizjuan estadioan. Raoul Loeren eta Roberto Torresen parte-hartzea azken ordura arte zalantza izango da.
Osasuna puntu garrantzitsuak lortzen saiatuko da Sevillaren aurka, etxetik kanpora. Andaluziako taldeak bolada oso txarra darama abendutik, berdinketa bat eta hiru porrot jaso baititu, eta gorritxoek egoera hori aprobetxatu nahiko dute. Hala ere, Michelek gizonentzat ere puntuak premiazkoak izango dira, eta norgehiagoka irabazteko oso gogor borrokatu beharko du Nafarroako taldeak.
Mendilibarren mutilek Gabonak jaitsiera postuetan igaro dituzte, eta helburua ahalik eta lasterren sailkapenean gora egitea da. Osasunak egutegi gogorra du urtarrilean, baina taldean behetik gorako bidea egiteko konfiantza handia daukatela argi utzi dute.
Sisik eta Asier Riesgok lesio larriak dituzte, eta bi jokalariak Iruñean geldituko dira. Hala ere, Ricardo Osasunako azkeneko fitxaketak Riesgoren tokia hartuko du. Raoul Loeren eta Roberto Torresen parte-hartzea azken ordura arte zalantza izango da.
Michel Sevillako entrenatzailearentzat ere, hil edo biziko neurketa izango da, azkenengo asteetan entrenatzaile kargutik kenduko dutelaren zurrumurrua zabaldu baita.