Osasuna
Errege Kopa
Osasunak ezustekoa eman nahi du Mestallan
Erredakzioa
Talde gorritxoak 0-2 galdu zuen Valentziaren aurka Sadarren jokatu zuten joaneko partida. Emaitza hau irauli, eta final-laurdenetarako txartela lortzea du helburu Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak.
Osasunak astearte honetan jokatuko du Errege Kopako final-zortzirenetako itzulerako partida Mestallan. Gorritxoek Valentzia izango dute aurkari, 21:30ean hasiko den partidan. Joaneko norgehiagokan Valentzia nagusitu zen, 0-2ko emaitzarekin.
Jose Luis Mendilibarrek ez du Osasunaren hasierako hamaikakoa zein izango den argitu. Baina ez ohiko jokalariei aukera emango die entrenatzaile bizkaitarrak. Titularrak edo hasierako hamaikakoan ohikoak diren jokalariei atsedena emango die asteartean, larunbatean Real Madrilen aurka nekea igarri ez dezaten.
Min hartuta dauden Sisi, Riesgo, Masoud, Raoul Loe eta Torres jokalarien bajak izango ditu Osasunak partida honetarako. Baita Antohny Annanena ere, Afrikako Kopan baitago Ghanako selekzioarekin.
Damia eta Nino deialditik at utzi ditu Mendilibarrek. Arribas zigortuta egon zen Sevillaren aurkako partidarako, eta deialdian sartu du. Echaide ere deialdira itzuli da.
Ustezko hamaikakoak:
Valentzia: Guaita; Barragan, Rami edo Ricardo Costa, Victor Ruiz, Cissokho; Tino Costa, Parejo o Banega, Jonathan Viera, Piatti; Bernat eta Valdez.
Osasuna: Elias; Echaide, Flaño, Arribas Nano; Timor, Lolo; Manuel, Oier Sanjurjo, Lamah; eta Llorente.
Epailea: Velasco Carballo.
Zelaia: Mestalla.
Ordua: 21.30ean.