Itxi

Osasuna

Vicente Calderonen

Osasunak beste porrot bat jaso du (2-1)

Erredakzioa

Atletico Madrilek sendo jokatu du lehenengo zatian, eta Diego Costak 2-0ekoa jarri du markagailuan. Graciaren gizonek ezin izan dute markagailua irauli.

  • Iruñeko taldearen porrota (2-1). Argazkia: EFE

    Iruñeko taldearen porrota (2-1). Argazkia: EFE

Nafarroako taldeak ezin izan du Diego Simeoneren taldea gainditu. Diego Costa aurrelariak bi gol egin ditu lehenengo zatian, eta brasildarrak neurketa erabaki du. Atletico Madrilek ez du ohiko erosotasunarekin jokatu, baina Osasunak ezin izan du markagailua irauli (2-1). Hala ere, Iruñeko taldea azkenengo minutura arte borrokatu da.

Diego Costa brasildarra izan da partidako protagonista nagusia, 7 minututan norgehiagoka erabakita utzi baitu. 17. minutuan, Juanfranek erdiraketa bikaina egin du eskuin hegaletik, eta Costak 1-0ekoa jarri du markagailuan. Bigarren gola 24. minutuan egin du aurrelari brasildarrak, Kokeren erdiraketa sareetara errematatuta.

Atletico Madril gehiegi lasaitu da orduan, eta, atsedenaldia heldu aurretik, Javi Graciaren gizonek 2-1ekoa eskuratu dute. Puñalek baloia area txikira bidali du falta jaurtiketa batean, eta Oriol Rierak gorritxoen gola egin du.

Osasuna markagailua iraultzeko gogor borrokatu da bigarren zatian, baina Madrilgo taldeak ondo eutsi dio Iruñeko taldearen presioari. Azkenean, Atletico Madrilek eskuratu ditu hiru puntuak.- Fitxa teknikoa:


2 - Atletico Madril: Courtois; Juanfran, Miranda, Godin, Insua; Arda Turan, Mario (Gabi, 46. minutuan), Tiago, Koke (Cristian 'Cebolla' Rodriguez, 76. minutuan); Leo Baptistao (Villa, 61. minutuan) eta Diego Costa.

1 - Osasuna: Andres Fernandez; Damia, Loties, Arribas, Marc Bertran; Sisi, Puñal (Ariel Nuñez, 67. minutuan), Raoul Loe (Lolo, 81. minutuan), Silva, Armenteros; eta Oriol Riera (Onwu, 76. minutuan).

Golak: 1-0, 17. minutuan: Diego Costak. 2-0, 24. minutuan: Diego Costak. 2-1, 42. minutuan: Oriol Rierak.