Itxi

Osasuna

10. jardunaldia

Osasunak porrota jaso du Molinonen (2-0)

Erredakzioa

Gorritxoena izan da baloiaren jabetza, baina ez dira gola egiteko gai izan. Lorak eta Castrok sartu dituzte etxekoen golak.

  • Raoul Loeren artxiboko irudia. Argazkia: EITB

    Raoul Loeren artxiboko irudia. Argazkia: EITB

Osasunak porrota jaso du Sportingen aurka (2-0), Molinonen jokatutako Adelante Ligako 10. jardunaldian. Berdegunean nafarrak izan dira nagusi, baina atzean huts egin dute.

Talde asturiarrak partida hasi eta berehala estreinatu du markagailua, 4. minutuan, nafarrentzako zoritxarreko jokaldian. Lorak egin du 1-0ekoa, aldaratze bat baliatuta. Haren erremateak Miguel Flañoren gorputzean jo du, eta baloia barrura sartu da.

Dena den, Jan Urbanen taldearena izan da baloiaren jabetza, eta neurketa berdintzea izan dute helburu. Cuellarrek defendatutako area inguruetara hurbildu dira, baina arriskuko jokaldiak eskasak izan dira. Atsedenaldira heldu aurretik, 1-1ekoa egiteko zorian izan da Raoul Loe.

Bigarren zatia aurrenekoa baino parekatuagoa izan da, baina gorritxoek berdinketaren bila jarraitu dute. Hegaletatik behin baino gehiagotan saiatu dira; Sportingeko atzelariek sendo erantzun dute, ordea. 74.ean gutxigatik ez du Kenan Kodrok Cuellar atezaina ezustean hartu, eta 80.ean Ansarifarden burukada kanpora joan da.

Etxekoek partida erabakita utzi dute, luzapenean gola sartuta. Kontraeraso batean, baloia eman dio Jonyk Carlos Castrori, eta honek Sportingen bigarrena egin du.

Fitxa teknikoa:

2 - Sporting: Cuellar, Lora, Luis Hernandez, Bernardo, Alex Menendez, Sergio Alvarez, Nacho Cases, Juan Muñiz (Carmona, 58'), Pablo Perez (Carlos Castro, 54'), Jony eta Guerrero (75').

0 - Osasuna: Santamaria, Echaide (Sisi, 86'), David Garcia, Miguel Flaño, Cadamuro, Loe, Merino (Ansarifard, 68'), De las Cuevas, Kodro, Nino eta Cedrick (Torres, 82').

Golak:

1-0: 3', Lora.

2-0: 92', Carlos Castro.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Osasuna