Itxi

Osasuna

Recreativori irabazita

Osasuna jaitsiera postuetatik irten da

Mikel Dominguez | eitb.eus

Recreativo Bigarren B mailara bidali du, Sadarren irabazita, eta Racingek galdu duenez, beheko postuetatik atera da. Alavesek Valladoliden aurka galdu du.

1:07

Jaitsiera postuak atzean utzi ditu Osasunak, Recreativoren aurkako garaipenari (2-0) eta Racingen porrotari esker. Nahikoa izango dute berdinketa azken jardunaldian mailari eusteko.

Hil ala biziko partida Sadarren, ia 18.000 zaleren aurrean. Osasuna, irabazi beharrean hasieratik, nagusiago izan da lehenengo zatian. Kontrolpean izan du neurketa hasieratik. Hala ere, Recreativok ustekabetik gertu egon da 10. minutuan, Menosseren burukada batean.

Erantzuna eman dute etxekoek 15.ean. Roberto Torresen falta jaurtiketa batean, Vujadinovicek buruz errematu du sarera. Aurretik jarri dira gorritxoak, eta bigarrena lortzen saiatu dira. Raoul Loek zutoina jo du 19. minutuan.

Izugarri ireki da partida, Recre ere berdinketaren bila izan delako. Baita lortzetik gertu egon ere. Nuñezek bi aukera izan ditu, 29.ean eta 34.ean, baina kanpora bidali du baloia bietan. Arrisku sentsazioa sortu dute Huelvakoek, batez ere hegaletatik egindako erdiraketetan.

Hala ere, Osasuna ez da lo geratu, eta Javier Flañok ere aukera izan du 37.ean. Jokaldi erabakigarriena, hala ere, atsedenaldia baino hiru minutu lehenago etorri da. David Garciak lehenengo gola kopiatu nahi izan du, eta barrura bidali du buruz jaberik gabe etorri zaion baloi bat. Lasai joan dira gorritxoak aldageletara.

Bigarren zatiak ez du ustekaberik izan Osasunarentzat, ete gehiegi sufritu gabe, markagailua mantendu du bukaerara arte. Pozik joan dira zaleak Sadarretik, taldea jaitsiera postuetatik kanpo geratu delako. Racingek Ponfarredinaren aurka galdu du (0-1), eta hiru puntu baino gehiago ditu orain Osasunak.

Garrantzirik gabeko porrota Alavesentzat

Igoera postuetan sartzeko aukerarik gabe, Alavesek garrantzirik gabeko neurketa izan du etxean. Valladolidek irabazi dio, Rogerren eta Pereiraren golei esker. Lehenengoa penaltiz izan da, eta bigarrena, luzapenean.