Osasuna
Momentuz, hautagai bakarra
Osasuna: Izkok jarraitu egin nahi du
Asier Legarda
Taxoare
Hirugarren agintaldirako hautagai izango dela baieztatu du Osasunako presidenteak, baina Camachok jarraituko duen ala ez, ez du argitu.
Ondo hausnartu ostean, Patxi Izkok hirugarrenez Osasunako presidente izateko aurkeztuko du bere burua, gaur argitu duenez. Arlo garrantzitsuena kirol arloa dela esan du Izkok, baina beste lau urtez presidentetzan jarraitzeko hautua egiteko arlo ekonomikoak ere zeresan handia izan duela onartu du Izkok: "Krisia dela eta hasi eta bukatu zain ditugu hainbat egitasmo eta horiek aurrera eramateko pertsona egokienak geu garela uste dut, geuk ezagutzen baititugu hobekien egitasmo hauek. Ekonomikoki oso proiektu garrantzitsuak dira eta Osasunaren etorkizuna askoz hobea izan daiteke egitasmo hauei esker", esan du Osasunako presidenteak. Hori bai, egitasmo horiek hurrengo lau urteetan amaitzea zaila izango da, baina Izkok argi utzi du gaur, bazkideen babesa lortuz gero bere azken agintaldia izango litzatekela hurrengo lau urteetakoa.
Kirol arloari dagokionean, argibide askorik ez du eman Izkok, eta Camachok behin baino gehiagotan Izkok jarraituz gero eta eskaintza jasoz gero Osasunan segitzeko prest dagoela onartu arren, Izkok entrenatzailea nor izango den ez baieztatzea deigarria izan da. Hauteskunde kanpainan zehar emango dutu argibideak Izkok, eta hori bai, beste hautagairik ez izanez gero maiatzaren 8rako presidente izendatu dezaketen arren, Izkok argi utzi du nahiago duela beste hautagairen batzuk izan eta maiatzaren 18an bazkideek bozketa eguna ospatzea.