Itxi

Osasuna

0-0

Osasunak puntu bakarra eskuratu du Ponferradinaren aurka

Erredakzioa

Talde gorritxoak golik gabe (0-0) berdindu du salbazioa lortzeko lehian dabilen Leoneko taldearen aurka. Nauzetek penalti bat gelditu du.

  • Osasuna-Ponferradina. Argazkia: EiTB

    Osasuna-Ponferradina. Argazkia: EiTB

Osasunak golik gabe (0-0) berdindu zuen Ponferradinaren aurka Sadarren eta puntu bakarra eskuratu zuen. Nafarroako taldeak 57 puntu ditu, eta playoffetan sartzeko lehian jarraitzen du.

Gorritxoek izan zuten partidako lehen abagunea seigarren minutuan, baina David Garciak korner baten ondorioz egindako errematea oso gutxigatik kanpora joan zen. Ondoren, norgehiagoka parekatu egin zen, eta Ponferradinaren erantzuna ez zen 22. minutura arte iritsi. Nauzet Osasunako atezaina erne ibili zen, eta buruz-burukoan garaile atera zen Berrocalen aurrean. Hiru minutu beranduago, Puckok jokaldi bikaina egin, pasea atzera eman eta ez zen inor iritsi errematera. Osasunaren azken abagune horretatik atsedenaldira iritsi arte, bi taldeetako bat ere ez zen gola sartzeko aukerarik sortzeko gai izan.

Bigarren zatia hasi bezain laster Osasunak gola sartzeko aukera izan zuen. Oierrek baloia berreskuratu, area kanpotik jaurtiketa indartsua egin eta baloia gutxigatik kanpora joan zen. Ondoren, minutu parekatuak etorri ziren, eta 59. minutuan epaileak Ponferradinaren aldeko penaltia adierazi zuen: David Garciak baloia galdu zuen, eta berreskuratzeko nahiean penaltia egin zion Ponferradinako jokalariari. Acoranek egin zuen jaurtiketa eta Nauzet atezainak baloia desbideratu zuen, gola eragotzita. Gelditu ikusgarria egin zuen Nauzetek.

Penaltiaren ostean, bi taldeetako batek ere ez zuen gola sartzeko abagune argirik sortu. Biak hurruneko jaurtiketen eta estrategi jokaldien bitartez saiatu ziren aurkariaren atea zulatzen, baina ez ziren gai izan. Amaieran, golik gabeko berdinketa (0-0) eta puntu banaketa Sadarren.

Fitxa teknikoa:

0 - Osasuna: Nauzet Perez; Tano, Miguel Flaño, David García, Javier Flaño; De las Cuevas (Alex Berenguer, 46. min), Oier, Manuel, Pucko (Olavide, 53. min); Nino eta Urko Vera.

0 - Ponferradina: Santamaría; Adan, Alan, Raíllo, Camille; Acoran, Basha, Andy (Jonathan Ruiz, 64. min), Aguza (Caiado, 54. min); Berrocal eta William Jebor (Djorjevic, 58. min).

Epailea: Gonzalez Fuertes.