Itxi

Osasuna

Riazor

Deportivo-Osasuna (0-0): Puntu garrantzitsua lortu dute gorritxoek

Erredakzioa

Jose Antonio Camachoren taldeak berdinketa lortu du ia 60 minutu hamar jokalarirekin jokatu ondoren, Perez Lasa epaileak Camuñas egotzi baitu lehenengo zatian.

Osasunak puntu baliotsua lortu du Deportivoren aurka Riazorren (0-0). Gorritxoak hamar jokalarirekin aritu dira 35. minututik, Perez Lasak Camuñasi txartel gorria atera baitio protesta egiteagatik.

Partidaren aurreneko ordu erdian nagusitasuna batzuek eta besteek izan dute. Bai Deportivok eta baita Osasunak ere baloia eta aukerak izan dituzte. Jokaldi guztiek amaiera berdina izan dute, Aranzubiaren edo Ricardoren gelditu bat.

32. minutuan gorritxoen aukerarik onena heldu da. Vadoczek birritan errematatu du zutoinera eta Deporrek ezinezkoa zirudien baloia aldentzea lortu du. Ondoren, Deportivok bere aukera izan du, Alberto Tomasek gora jaurti du gola sartzea errazena zirudienean.

Minutu bat geroago Camuñasen txartel gorria heldu da. Perez Lasak zalantzarik ez du izan eta jokalaria egotzi du zeozer esan diolako. Vadoczi gaizki baliogabetutako gol batek eta balizko penalti batek gorritxoen arean osatu dute epailearen jarduna lehenengo zatiaren amaieran.

Bigarren zatian Deportivo, hamar jokalariren aurka, nagusi izan da. Hala ere, bere erasoaldi guztiek Ricardo atezaina aurkitu dute. Bikain aritu da talde nafarraren atezaina gaurkoan.

Etxekoek era askotako erasoak antolatu dituzte, baina asmatu ezinik ibili dira errematean. Osasunak golen bat egiteko aukeraren bat ere izan du, baina ez du gainditu Aranzubia.

Puntu ona Camachoren jokalarientzat. Hala ere, beheko postuak uzteko ez die balio puntuak.