Itxi

Osasuna

Zigorra

50.000 euroko isunarekin eta Sadar hilabete ixtearekin zigortu dute Osasuna

Agentziak | Erredakzioa

Klubak ‘Indar Gorri’ izeneko zaleen taldeari babesa eman ziola argudiatu du Indarkeriaren Aurkako Batzordeak, Valladoliden aurka Zorrilla estadioan jokatutako partidarako sarrerak emateagatik.

  • Sadar futbol zelaia. Argazkia: CAOsasuna.

    Sadar futbol zelaia. Argazkia: CAOsasuna.

Indarkeriaren, Arrazakeriaren, Xenofobiaren eta Intolerantziaren aurkako batzordeak zigorra jarri dio Osasunari: 50.000 euro ordaindu beharko dute nafarrek, eta, horrez gain, El Sadar hilabetez itxita izango dute 'Indar Gorri' zaleen taldearen "alde egin eta babesa emateagatik".  Klubak ‘Indar Gorri’ taldeko zenbait kideri sarrerak eman zizkien Valladoliden aurka Zorrillan jokatu zuten partidarako, ekainaren 2an.

Indarkeriaren Aurkako Estatuko Batzordeak bere oharrean gogora ekarri duenez, "Osasunak badaki talde horretako zenbait kide talde kriminal baten parte izateagatik zigortu zituela epaileak, besteak beste".

Bukatu berri den denboraldian, Osasunari 100.000 euroko zigorra jartzeko proposamena aurkeztu zuten. Orduan, taldeak ateak itxita egindako entrenamendu batera sartzeko baimena eman zieten ‘Indar Gorri’ko kideei, pankarta, bengala eta pirotekniako materialarekin.

Osasunaren erantzuna

Osasunak zalaketei erantzun die sarrerak notario baten aurrean zozketatu zituela esanez. Klubaren arabera, 440 sarrera jaso zituzten Zorrilla futbol zelaian kanpoko taldeko jarraitzaileentzat erreserbatutako gunerako.

Klubak azaldu duenez, 440 sarrera horietatik 26 babesleentzat gorde zituen eta beste 414ak klubeko kide eta jarraitzaileen artean zozketatu zituen, maiatzaren 29an, Jose Miguel Gomez notarioaren aurrean.