Itxi

Osasuna

Denboraldi baterako

Osasunak Ruben Martinez atezaina fitxatu du

Erredakzioa

Talde gorritxoak denboraldi baterako fitxatu du Coruñako Deportivotik datorren futbolaria.

  • Ruben Martinez. Argazkia: @CAOsasuna

    Ruben Martinez. Argazkia: @CAOsasuna

Osasunak Ruben Martinez atezaina fitxatu du denboraldi baterako. Libre iritsi da Coruñako Deportivo taldearekin zuen kontratua eten ostean, eta 3.500.000 euroko etete-klausula izango du. Datozen egunetan egingo du Nafarroako Unibertsitateko Klinikan osasun-azterketa, eta ondoren aurkeztuko du klubak.

Ruben Ivan Martínez Andrade (1984ko ekainak 22, Coristanco, Coruña) esperientzia handiko atezaina da, 187 zentimetroko altuera du, eta azken 8 denboraldiak Lehen Mailan jokatu ditu. Orillamar Sociedad Deportiva taldearen harrobian hazi zen, eta laster piztu zuen Bartzelonaren interesa. Bost denboraldi eman zituen Bartzelonaren bigarren taldean, eta 20 urterekin 3 partida jokatu zituen Bartzelonako lehen taldearekin. Espainiako selekzioko azpiko mailetan ibili zen, eta 21 urtez azpikoen mailara iritsi zen. Hortik, Bigarren Mailako Racing Ferrol taldera joan zen, baina ez zuen minutu gehiegi izan. Beraz, Cartagenara joatea erabaki zuen, brontzezko mailan atezain gisa sendotzeko. Hasierako hamaikakoan indartu zen, eta zilarrezko mailara igotzea lortu zuen. Urtebete geroago, garrantzitsua izan zen talde murtziarrak lortutako bosgarren postuan. Ondoren, Malagak fitxatu zuen.

Malagan ez zuen ia jokatu, ordezko atezaina izan zen. Hori ikusita, Rayo Vallecanora joan zen eta taldea Lehen Mailan mantentzea lortu zuen, atezain titularra zela. Ondoren, Lehen Mailan jarraitu zuen Almeriarekin. 2016. urtean, bere etxeko taldeak fitxatu zuen, Coruñako Deportivok, eta neguko merkatuan Anderlechtera joan zen utzita. Maila ona eman zuen Belgikan, eta Europa Liga jokatu zuen. Iragan denboraldian, 28 partida jokatu zituen Deportivorekin, baina taldeak ez zuen Lehen Mailan mantentzea lortu. Orain, talde gorritxora heldu da atea indartzeko eta bere esperientziarekin laguntzeko Jagoba Arrasateren taldeari.