Itxi

Osasuna

1-1

Osasunak denboraldiko lehen puntua eskuratu du, Elxen aurka

Erredakzioa

Bana bukatu dute Sadarren. Jokalari bat gutxiagorekin jokatu du 53. minututik Osasunak, David Garciak txartel gorria ikusi baitu.

  • Ossuna-Elx. Argazkia: Osasuna

    Ossuna-Elx (1-1). Argazkia: Osasuna

Osasuna eta Elxek puntu bana erdietsi dute Osasunak denboraldi honetan Sadar zelaian jokatu duen estreinako partidan. Juan Villarren golari esker aurreratu dira gorritxoak, baina ezin izan diote abantailari eutsi, David Garcia defentsa kanporatutakoan, Elxekoek berdinketa lortu baitute.

Lehen zati parekatua izan ondoren, Osasunak aukera bi izan ditu. Horietako aurrena Iñigo Perezek izan du, falta jaurtiketa batean, eta Juan Villarrek izan du bigarrena, area txikian egindako erremate batean.

53. minutuan kanporatu du epaileak David Garcia defentsa gorritxoa, eta horrek eragin handia izan du bigarren zatiaren hasieran. Jose Rojo 'Pacheta' entrenatzailearen mutilek aukera argia izan dute, Gonzaloren jaurtiketa baten bitartez, baina ez dute asmatu.

Talde nafarra hamar jokalarirekin gelditu arren, Iñigo Perezek jaurtitako falta batean, Juan Villarrek bete-betean jo, eta gorritxoak aurreratzea lortu du.

Hurrengo minutuetan, gorritxoek kontrolpean izan dituzte Elxen eraso guztiak, 75. minutuan, Sory Kaba ginearrak gola egin duen arte, Josanen pase bat baliatuta.

Batak eta besteak aukera ugari izan dituzte norgehiagokaren azken partean, baina ez dute asmatu, eta, ondorioz, berdinduta bukatu dute Sadarren.

Fitxa teknikoa:

1 - Osasuna: Juan Perez; Nacho Vidal, Unai Garcia, David Garcia, Clerc; Juan Villar (Xisco, 66. min), Oier, Iñigo Perez, Ruben Garcia; David Rodriguez (Imanol Garcia, 57. min) eta Roberto Torres (Brandon, 80. min).

1 - Elx: Jose Juan; Tekio, Neider, Gonzalo Verdu, Manu; Xavi Torres; Josan (Benja, 81. min), Javi Flores (Provencio, 21. min), Gonzalo Villar (Nino, 64. min), Ivan Sanchez; eta Sory Kaba.

Golak: 1-0, 61. min: Juan Villar. 1-1, 75. min. Sory.

Epailea: Daniel Ocon Arraiz. Txartel horiak atera dizkie Osasunako Unai Garciari eta David Garciari (53. minutuan kanporatu du, bigarren txartel horia aterata) eta Elxeko Tekio, Gonzalo Verdu eta Xabi Torres jokalariei.