Itxi

Osasuna

1-2

Athletic garaile atera da Osasunaren aurkako derbian

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak 1-2ko emaitzarekin lortu du garaipena, eta lehen aldiz irabazi du etxetik kanpora denboraldi honetan. Gorritxoek, aldiz, Sadarren lehen porota jaso dute 31 neurketaren ostean.

  • Iñaki Williams. Argazkia: EFE

    Iñaki Williams, Athleticekin Osasunari sartu diob gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek garaipena lortu du Osasunaren aurka (1-2) jokatu duen euskal derbian, eta denboraldiko lehen partida irabazi du etxetik kanpo. Talde gorritxoak, aldiz, ezin izan du Sadarren porrotik jaso gabeko bolada luzatu, eta etxean galtzaile izan da 31 neurketaren ostean.

Bizi ekin diote neurketari bi taldeek, intentsitate handiarekin, eta horren erakusle izan da Chimy Avilak lehen minutuan ikusi duen txartel horia. Pixkanaka, Athletic baloiaren jabe egin da, eta neurketako lehen abagune argian, epaileak, VARaren laguntzaz baliorik gabe utzi du Raul Garciaren gola hamargarren minutuan, Athleticeko erdilaria jokoz kanpo egon delako.  Talde zuri-gorria baloiaren jabe izan da, eta 20. minutuan aurrea hartzea lortu du; Sancetek pase bikaina eman dio Williamsi, eta honek amaiera ezin hobeto amaitu du jokaldia, 0-1ekoa sartuta.

Lehen gola sartu ostean, bigarrenaren bila jo du Athleticek, baina Sergio Herrera atezainak gola eragotzi du Williamsi aurrea hartuta. Ondorengo jokaldian, Sancet ez da gutxigatik errematera iritsi. Momentu txarrak pasatzen ibili da Osasuna, baina 37. minutuan antolatu duen kontraeraso baten gola sartu du talde gorritxoak, nahiz eta epaileak baliogabetu egin duen,  Juan Villar jokoz kanpo egon delako. Neurketako 40. minutura arte nagusi izan da Athletic, baina azken bost minutuetan berdinketa lortzeko abagune argiak izan ditu Osasunak; bi korner jaurtiketen ondoren, Unai Simonek talde gorritxoaren golak eragotzi ditu, bi gelditu on eginda.

Raul Garcia aldagelan utzi behar izan du Gaizka Garitano Athleticeko entrenatzaileak atsedenaldian, erdilaria lesionatu egin baita, eta Kenan Kodrok ordezkatu du.

Bigarren zatiari erasokor ekin dio Osasunak, berdinketa nahi baitzuen talde gorritxoak. Athletic, aldiz, atzean sartu da kontraerasora irteteko zain, nahiz eta aurkaria gainetik pasa zaion. Ruben Garciak kanpora bidali duen erremate batekin eman du abisua 56. minutuan Nafarroako taldeak, eta sei minutu beranduago Unai Simon atezainak eragotzi du gola, beste gelditu bikain bat eginda.

Golaren bila ekinean ibili da Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldea, eta ekinak saria jaso du 76. minutuan Chimy Avilak sartu duen golarekin (1-1). Hala ere, pozak ez dio asko iraun Osasunari, hiru minutu beranduago Athleticek gola sartu baitu; baloi luze bat buruz ukitu du San Josek, Lekuek kontrol bikaina egin du area barruan, eta Kodrok sare barrura bidali du errematea (1-2).

Bigarren gola jaso ostean, Osasuna berriro saiatu da partida berdintzen, baina ez du abagune argirik sortu. Gainera, Athleticek hirugarren gola sartzeko aukera izan du 90. minutuan, baina Sergio Herrera atezainak eragotzi du gola, Williamsen errematea geldituta.