Itxi

Osasuna

1-1

Osasunak balio handia duen puntua lortu du Sevillaren aurka

Erredakzioa

Talde gorritxoak bana (1-1) berdindu du Sadarren, partidako azken 33 minutuak jokalari bat gutxiagorekin jokatu dituen arren.

  • Chimy Avila. Argazkia: EFE

    Chimy Avila, Sevillari sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak bana (1-1) berdindu du Sevillaren aurka Sadarren jokatu duen Ligako 12. jardunaldiko partida. Puntuak balio handia du, talde gorritxoa jokalari bat gutxiagorekin ibili baita azken 33 minutuetan.

Etxeko partidetan ohi duen moduan ekin dio neurketari Osasunak; erasora joz eta abaguneak sortuz. Talde gorritxoak izan duen lehen abagunea 5. minutuan etorri da, Chimy Avilak langara bidali duen errematearen bitartez. Sevilla atzealdean sartuta izan du Osasunak lehen minutuetan, baina 11. minutuan Lopeteguik zuzentzen duen taldeak antolatu duen kontraeraso batean Munirrek 0-1ekoa sartu du. Pase luzea jaso du Sevillako aurrelariak, ondo utzi du atzean Estupiñan, eta area kanpotik egin duen jaurtiketak Juan Perez atezaina gainditu du.

Gol honen ostean, Sevilla hazi egin da, eta Osasunari kosta egin zaio neurketari erritmo bizia ematea. Gainera, 24. minutuan Marc Cardonak min hartu du Diego Carlosekin talka egin ostean, eta ezin izan du jokatzen jarraitu. Jagoba Arrasate entrenatzaileak Adrian Lopez zelairatu du Cardonaren ordez. Chicharitok gola sartu du talde bisitariarentzat 33. minutuan, baina jokoz kanpo egon da errematea egin duenean, eta epaileak baliogabetu egin du. Lehen zatiaren luzapenean, Osasunak neurketa berdintzea lortu du Chimy Avilak sartu duen golari esker (1-1); Adrianek pase bikaina eman dio orpoz, eta Chimyk ez du ate aurrean barkatu.

Bigarren zatiaren hasieran, Osasunak gola sartzeko aukera izan du, baina Ruben Garciaren falta jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da. Ondoren, Sevillak izan du abagunea, baina Juan Perez atezainak gola eragotzi du Chicharitoren aurkako buruz burukoan nagusi aterata. Irekia izan da neurketa bigarren zatiko hasierako minutuetan, eta Osasunaren beste abagune argi batean, Ruben Garciak zutoinera bidali du jaurtiketa Vaclick atezainaren aurrean bakarrik geratu denean.

Norgehiagoka oso parekatua izan da, eta 61. minutuan zaildu egin zaio Osasunari, Oierrek bigarren txartel horia ikusi eta egotzia izan baita. Hamar jokalarirekin geratu da talde gorritxoa. Bost minutu beranduago, epaileak Juan Perezek Chicharitori egin dion penaltia adierazi du, baina VARa kontsultatu ondoren, ez dela Sevillaren aldeko penaltia egon erabaki du. Jokalari bat gehiagorekin nagusi izan da talde bisitaria, eta Osasunari sufritzea egokitu zaio. Juan Perez talde gorritxoko atezainak Oliverren jaurtiketa desbideratu du 74. minutuan, eta sei minutu beranduago Juan Perezek Sevillaren gola eragotzi du, Franco Vazquezen jaurtiketari erantzun ona emanda. Bi jokaldi horien artean, Chimy Avilaren jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik. Azken minutuetan garaipenaren bila erasora jo du Sevillak, eta abagune bikaina izan du 89. minutuan; Dabburren jaurtiketa, ordea, ez da ate barrura sartu zutoina jo ostean. Osasunak gogotik lan egin behar izan du azken txanpan, ondo eutsi die aurkariaren erasoaldiei, eta asko balio duen puntu bat eskuratu du.

Fitxa teknikoa:

1 - Osasuna: Juan Perez; Moncayola (Unai Garcia, 71. min), Navas, David Garcia, Estupiñan; Roberto Torres, Oier, Darko, Ruben Garcia (Merida, 75. min); Cardona (Adrian, 28. min) eta Chimy Avila.

1 - Sevilla: Vaclik; Navas, Kounde (Carrico, 58. min), Dego Carlos, Reguilon; Banega, Fernando, Jordan (Vazquez, 58. min); Munir, Oliver (Dabbur, 78. min) eta Chicharito.

Golak: 0-1, 11. min: Munir. 1-1, 47. min: Chimy Avila.

Epailea: Estrada Fernandez. Oier Osasunako joklaria egotzi du bi txartel horia atera dizkiolako. Txartel horiak atera dizkie Raul Navas eta Fran Merida Osasunako jokalariei, baita Kounde, Reguilon, Banega eta Navas Sevillako futbolariei.