Itxi

Osasuna

3-1

Osasunak porrota jaso du Vila-realen aurka

Erredakzioa

Talde gorritxoak 3-1eko emaitzarekin galdu du Santander Ligako 22. jardunaldiko partida, Ceramica estadioan.

  • Moncayola eta Cazorla. Argazkia: EFE

    Moncayola eta Cazorla, Vila-realen eta Osasunaren aurteko partidan. Argazkia: EFE

Osasunak porrota jaso du Vila-realen aurka (3-1) Ceramica estadioan jokatu duen Santander Ligako 22. jardunaldian, eta talde gorritxoak 28 punturekin jarraituko du sailkapenaren erdialdean, jaitsiera postuetatik hamar puntura.

Bi taldeetako bat ere ez da nagusitu hasierako minutuetan, eta bi taldeak erasora jo nahian ibili diren arren, ez dira abaguneak sortzeko gai izan. Partidako lehen abagunea Osasunak izan du 15. minutuan; Asenjo atezaina areatik irten da, baloia gaizki aldendu du, eta Cardonaren jaurtiketa kanpora joan da, gutxigatik. Ondoren, lehia handia zelai erdian,erritmo bizia, baina gol aukera gutxi. Vila-realek ez du abagunerik izan 35. minutuan Gerard Morenok egin duen eta kanpora joan den errematera arte. Lehen zatia golik gabe amaituko zela ematen zuenean, 45. minutua gaindituta, Alcacerrek gola sartu du (1-0), pase luze bat jaso eta Sergio Herrera atezaina maisuki gaindituta.

Ondo ekin dio Osasunak bigarren zatiari, 48. minutuan Aridanek banakoa (1-1) sartu baitu, kornerretik egin duten erdiraketa sare barrura errematatuta. Hala ere, pozak gutxi iraun dio talde gorritxoari, sei minutu beranduago Ruben Peñak 2-1ekoa sartu duelako. Jokaldi bikaina egin du ezker hegalean jokatzen duen futbolariak. Bigarren golak min egin dion arren, Osasunak gertu izan du berdinketa 56. minutuan, baina Asenjo atezainak desbideratu egin du Roberto Torresen jaurtiketa indartsua. Neurketako 59. minutuan, ordea, Aridanek falta egin dio area barruan Alcacerri, eta epaileak penaltia adierazi du. Cazorlak sartu du 3-1ekoa, penaltiz.

Hirugarren gola jaso duen arren, Osasunak ez dio utzi erasora jotzeari, eta aldeak murrizteko abaguneak izan ditu. Asenjo atezainak Arnaizen jaurtiketa ona desbideratu du 72. minutuan, eta lau minutu beranduago, Roberto Torres bakarrik geratu da Asenjoren aurrean, baina ez du lortu Vila-realeko atezaina gainditzea. 81. minutuan beste abagune bat izan du talde gorritxoak, Arnaizen bitartez, jaurtiketa gora joan zaion arren, Aridanek orpoz eman dion pasea jaso ostean. Etengabe saiatzen ibili da Osasuna, ez du desabantaila murriztea lortu, ezin izan du Vila-real urduri jarri, eta punturik lortu gabe amaitu du.

Fitxa teknikoa:

3. Vila-real: Asenjo, Mario Gaspar, Albiol, Funes Mori, Peña; Iborra, Trigueros (Anguissa, 67. min), Cazorla, Moi Gomez; Gerard (Chukwueze, 55. min) eta Alcacer (Fer Niño, 78. min).

1. Osasuna: Sergio Herrera, Nacho Vidal, David Garcia, Aridane, Estupiñan; Roberto Torres, Iñigo Perez, Ruben Garcia (Arnaiz, 66. min), Moncayola; Rober Ibañez (Adrian, 78. min); eta Cardona (Enric Gallego, 66. min).

Golak: 1-0, 45. min: Alcácer. 1-1, 48. min: Aridane. 2-1, 54. min: Peña. 3-1, 59. min: Cazorla, penaltiz.

Epailea: Valentin Pizarro Gomez. Txartel horiak atera dizkie Cazorla, Fer Niño eta Anguissa Vila-realeko jokalariei, baita Aridane eta Estupiñan Osasunako futbolariei.