Itxi

Osasuna

Santander liga

Osasuna zalerik gabeko eta eraberritze prozesuan dagoen Sadarrera itzuliko da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Nafarrak Atletico Madrili aurre egiten saiatuko dira gaur, 22:00etan, Realaren kontrako partidatik indartuta atera ondoren.

  • Harmailak zaleen irudiekin estali dituzte

    Harmailak zaleen irudiekin estali dituzte

Osasunak pandemiaren osteko lehendabiziko partida jokatuko du gaur Sadarren, Atletico Madrilen aurka. Zuri-gorriek hamalautik hiru norgehiagoka soilik irabazi dituzte etxetik kanpo, eta igandean San Mamesen berdinketa lortzetik datoz (1-1). Simeonek gidaturiko taldea 3 puntuen bila aterako da, Txapeldunen Ligako postuetan sartzeko.

Bestalde, Jagoba Arrasateren taldea indartuta dator Reale Arenan irudi ona erakutsi ondoren. Gorritxoek puntu bat lortu zuten (1-1), baina 3 puntuak lortzeko zorian egon ziren. Nafarrak taularen 11. postuan daude, 35 punturekin, eta geroz eta gertuago ikusten dute salbatzeko helburua.

Badirudi Berriatukoak hainbat aldaketa egingo dituela partida honi begira jokalari batzuei atsedena emateko, norgehiagokak jarraian jokatzen ari baitira.

Aridane eta Roberto Torres jokalari garrantzitsuek ez zuten donostiarren kontra jokatu, eta oraingoan lehen minututik aterako dira agian. Ruben Garciak ez zuen txuri-urdinen aurkakoa jokatzeko modurik izan, zigortuta baitzegoen; beraz, asteazkenean titular izatea espero da.

Facundo Roncagliak lesionatuta jarraitzen du (hortaz, ez da deialdian egongo), eta Kike Barja eta Rober Ibañez bakarka entrenatzen ari dira, eta oraindik ez dago argi 23 futbolarien zerrendan sartzeko moduan dauden.

Ustezko hamaikakoak:

Osasuna: Ruben Martinez; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Estupiñan; Roberto Torres, Oier, Darko, Arnaiz; Ruben Garcia, Gallego.

Atletico Madril: Oblak; Arias edo Trippier, Savic, Gimenez, Lodi; Koke, Thomas, Saul, Marcos Llorente edo Yannick Carrasco; Joao Felix eta Diego Costa.

Epailea: Ricardo De Burgos Bengoetxea (Euskadiko Epaileen Batzordekoa).

Estadioa: Sadar (asteazkenean, 22:00etan).