Itxi

Osasuna

2-1

Osasunak mailari eustea bermatu du Leganesen aurka garaipena lortuta

Erredakzioa

Talde gorritxoak 2-1eko emaitzarekin irabazi du partida Sadarren. Enric Gallego izan da partidako izarra gol bat txilenaz sartuta eta bigarrena azken segundoan sare barrura bidalita.

  • Osasuna

    Osasunako jokalariak, Gallegok Leganesi sartutako lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak garaipena lortu du Leganesen aurka (2-1) Sadarren jokatu duen Ligako 32. jardunaldiko partida eta matematikoki ez bada ere, mailari eusteko helburua ia bermatuta utzi du.

Norgehiagoka ondo hasi da talde gorritxoarentzat, Enric Gallegok gol ikusgarria sartu baitu (1-0), txilenaz, 9. minutuan. Gola hartu ostean Leganesen erantzuna iritsi da Guerrerok egin duen erremate baten bidez, baina Sergio Herrera atezainak gelditu du. Osasunak abaguneren bat izan du kontraerasoan, nahiz eta Leganes egin den baloiaren jabe. Norgehiagoka erritmo bizikoa izan da, eta gol aukera gutxikoa. Sergio Herrera atezainak Leganesen gola eragotzi du 39. minutuan, Bryan Gilen jaurtiketa desbideratuta. Atsedenaldia baino lehen, Sergio Herrera erne ibili da Assaleri zuzendutako pase bat mozteko, areatik irtenda.

Bigarren zatiari ekiteko, Javier Aguirre Leganeseko entrenatzaileak Rosales eta Aviles zelairatu ditu Aitor Ruibalen eta Awaziemen ordez. Aldaketek bizitasuna eman diote Madrilgo taldeari, eta 50. minutuan, Avilesek gol bikaina sartu du (1-1) area kanpotik egin duen jaurtiketa on baten bidez.

Nagusi izan da Leganes bigarren zatian, eta gola sartzeko aukerak izan ditu; adibidez, Sergio Herrera atezainak erantzun paregabea eman dio Kevin Rodriguesen jaurtiketa bortitzari. Osasuna ezinean ibili da, eta ez da abagunerik sortzeko gai izan.

Leganesen nagusitasuna erabatekoa izan da bigarren zatian eta Osasuna estu eta larri ibili da, defentsan lana gogotik egin behar izan duelarik. Sendo mantendu da talde gorritxoa aurkariaren etengabeko erasoaldiak gelditzen, eta abagunea izan du 93. minutuan,  baina Cuellar atezainak eragotzi du Osasunaren gola. Leganesek hurrengo jokaldian erantzun du, kanpora joan den Guerreroren errematearekin. Lehia amaitzeko minutu bat falta zenean, Iñigo Perezek kornerra atera eta Enric Gallegok sare barrura bidali du buruz egin duen errematea (2-1). Golaren ostean ez da gehiagorako denborarik egon eta Osasunak garaipena eskuratu du.

Fitxa teknikoa:

2 - Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Aridane, Unai Garcia, Estupiñan; Darko (Iñigo Perez, 63. min), Fran Merida (Jon Moncayola, 63. min); Roberto Torres (Kike Barja, 88. min), Adrian (Lato, 80. min), Ruben Garcia (Cardona, 80. min); eta Gallego.

1 - Leganes: Cuellar; Aitor Ruibal (Aviles, 46. min), Awaziem (Rosales, 46. min), Siovas, Rodri Tarin, Rodrigues; Ruben Perez, Roque Mesa (Manu Garrido, 92. min); Bryan Gil (Silva, 61. min), Assale (Eraso, 80. min) eta Guerrero.

Golak: 1-0, 9. min: Gallego. 1-1, 50. min: Aviles. 2-1, 96. min: Gallego.

Epailea: Javier Arberola Rojas. Txartel horiak atera dizkie Darko Osasuna jokalariari, baita Awaziem Leganeseko futbolariari.