Itxi

Osasuna

2024ra arte

Osasunak Lucas Torro fitxatu du datozen lau denboraldietarako

Erredakzioa

Klub gorritxoak 2 milioi euro ordaindu dizkio Eintracht Frankfurti 26 urteko jokalaria fitxatzeko. Torrok 2024ko ekainaren 30era arte sinatu du kontratua Iruñeako taldearekin.

  • Lucas Torro

    Lucas Torro, Osasunako jokalaria. Argazkia: @CAOsasuna

Osasunak Lucas Torro fitxatu du datozen lau denboraldietarako, 2024ko ekainaren 30era arte, Eintracht Frankfurti bi milioi euro ordainduta. Hala jakinarazi du klubak astearte honetan. Jokalariaren etete-klausula 10 milioi eurokoa izango da Santander Ligan.

Lucas Torro Marset 1994ko uztailaren 19an jaio zen Concentainan (Alakant) eta bigarren etapa beteko du talde gorritxoan, Osasunan jokatu baitzuen 2017-2018 denboraldian, Diego Martinez entrenatzailearentzat oso jokalari garrantzitsua izan zelarik. Denboraldi horretan, guztira 37 neurketetan parte hartu zuen, eta taldea igoera playoffera sartzetik gertu geratu zen.

Kirol-ibilbidea Valentziako erkidegoko klubetan hasi zuen, eta, Contestano, Ontinyent, Hercules eta Alcoyano taldeetan ibili ostean, Real Madrilek fitxatu zuen bigarren talderako, nahiz eta Carlo Ancelotti Real Madrileko entrenatzailea zenean, Torro lehen taldearen deialdi batzuetan sartu zen. 2016-2017 denboraldian Oviedon jokatu zuen utzita, eta Osasunak 2017-2018 denboraldian fitxatu zuen, ordaindu behar izan gabe. Talde gorritxoarekin denboraldi bikaina egin ostean, Eintracht Frankfurtek fitxatu zuen, etete-klausula ordainduta. Alemanian maila ona ematen ibili zen, baina lesioek gora egitea eragotzi zioten. Pandemiarengatik Bundesligak izan zuen geldialdiaren ostean, erdilariak partidak jokatu zituen Eintracht Frankfurtekin. Orain, lesioa guztiz gaindituta, Osasunara bueltatzea erabaki du.