Osasuna
Nafarroako Erresuman
Osasuna-Betis (2-1): Garaipena, Nekounamen gol ikusgarriari esker
Erredakzioa
92. minutuan Nekounamek garaipenaren gola lortu du falta jaurtiketa zuzenean sare barrura bidalita. Bigarren zatian Mendilibarren taldeak asko sufritu egin du eta Betisek irabazteko aukerak izan ditu.
-
Osasuna-Betis (2-1). Argazkia: EFE
Osasunak 92. minutuan Nekounamek lortutako golari esker eskuratu ditu hiru puntuak Betisen aurka (2-1). Miguel Flañok 1-0ekoa jarri du markagailuan lehenengo zatiko 38. minutuan, baina bigarren zatian Pepe Melen gizonak nagusi izan dira eta norgehiagoka berdindu dute Ruben Castroren golari esker. Partidako azkenengo jokaldian lortu du Nekounamek garaipenaren gola falta jaurtiketa zuzena sare barrura bidalita.
Jose Luis Mendilibarren taldeak defentsan sufritu egin du aurreneko minutuetan eta Betisek gola lortzeko aukera paregabea izan du lehenengo zatiko 7. minutan. Hala ere, Salva Sevillaren falta jaurtiketa zutoinera joan da. Osasuna pixkanaka nagusitzen joan da, baina gorritxoek ezin izan dituzte abagune argiak sortu erasoan.
Rubenek zelaia utzi behar izan du lesionatuta eta bere ordez Lolo zelairatu du Mendilibarrek. 30. minutuan gola eskuratzeko aukera ona izan du Lamahek, baina gorritxoaren errematea Betiseko defentsak desbideratu du. 38. minutuan, Miguel Flañok 1-0ekoa jarri du markagailuan bigarren zutoinean bakarrik errematatu eta gero. Cejudoren korner erdiraketa ederra izan da eta atzelari nafarrak sare barrura bidali du baloia. Partidako aurreneko abagune argian lortu du Iruñeko taldeak gola eta atsedenaldian nagusi izan dira Mendilibarren mutilak.
Bigarren zatiko aurreneko minutuetan Betisek asko sakatu du erasoan eta gorritxoek emaitzari eusteko asko sufritu dute. Andres Fernandez bilakatu da norgehiagokako protagonista nagusia izan dituen gelditu erabakigarriak direla eta, baina Osasunak atzerapauso handiegia eman du zelaian eta Sevillako taldeak sakatzen jarraitu du. 52. minutuan Andresek Cañasen saiakera desbideratu du eta 57. minutuan Santa Cruzen errematea kanpora bidali du atezain gorritxoak gelditu ikusgarri batekin.
Andaluziako taldeak 79. minutuan lortu du berdinketaren gola. Ruben Castrok bigarren zutoinean erraz errematatu du eta baloia sare barrura sartu da 1-1ekoa markagailuan jartzeko. Betisek neurketa irabazteko abagune argiak izan ditu, baina Andres Fernandezek partida bikaina egin du eta baloi guztiak gelditu ditu. 92. minutuan, Nekounamek garaipenaren gola eskuratu du falta jaurtiketa zuzenean sare barrura bidalita. Iraneko jokalariak miraria lortu du Nafarroako Erresuman eta Mendilibarren gizonek hiru puntu garrantzitsu eskuratu dituzte.
- Fitxa teknikoa:
2 - Osasuna: Andres Fernandez; Damia, Ruben (Lolo, 28. minutuan), Miguel Flaño, Roversio (Raitala, 75. minutuan); Puñal, Nekounam; Cejudo, Raul Garcia (Ibrahima, 55. minutuan), Lamah; eta Kike Sola.
1 - Betis: Casto; Isidoro, Ustaritz (Ruben Castro, 46. minutuan), Mario, Dorado, Nacho; Salva Sevilla (Pozuelo, 75. minutuan), Matilla (Beñat, 55. minutuan), Cañas, Pereira; eta Roque Santa Cruz.
Golak: 1-0, 39. minutuan: Miguel Flaño. 1-1, 80. minutuan: Ruben Castro. 2-1, 93. minutuan: Nekounam.