Itxi

Osasuna

Reyno de Navarran

Osasuna-Valentzia (1-1): Lolok puntu bat erdietsi du luzapenean

Erredakzioa

Osasuna aurkaria baino gehiago izan da, baina 84. minutuan markagailua estreinatu du Roberto Soldadok. Garaipena Emeryren taldearentzat izango zela zirudienean heldu da Loloren gola (1-1).

02:06
Puntuagatik ez dutela eskerrak eman behar adierazi du Mendilibarrek

Fitxa teknikoa:

1 - Osasuna: Andres Fernandez; Marc Bertran, Sergio, Miguel Flaño, Satrustegui (Timor, 87'); Puñal, Nekounam (Lolo, 79'); Cejudo, Raul Garcia, Lamah (Nino, 67'); eta Lekic.

1 - Valentzia: Diego Alves; Barragan, Rami, Dealbert, Jordi Alba; Albelda, Banega (Aduriz, 57'), Tino Costa; Feghouli (Bruno, 88'), Jonas (Bernat, 57') eta Soldado.

Golak:

0-1, 85': Soldado.

1-1, 92': Lolo.

Osasunak puntu bat lortu du etxean Valentziaren aurka berdinduta (1-1). Etxekoek gehiagorako merituak egin dituzte, baina neurketaren garapena kontutan izanda puntua urrezkoa da.

Erritmo eta presio handia lehen zatian, baina joko eskasa. Osasunak izan du baloiaren jabetza eta Valentziak baino gehiago egin du. Emeryren taldeari esnatzea kostatu zaio. Baina biek kostata aurkitu dituzte jokatzeko hutsuneak.

Reyno de Navarrak birritan eskatu du penaltia. Eztabaida handiko jokaldiak izan dira, baina Teixeira Vitienesek ez du ezer adierazi. Aurrenekoa 18. minutuan izan da Dealbertek eskuarekin ukitu baitu baloia eta bigarrena 34.ean Lekic area barruan erori denean Alvesek zangotrabaz botata. Behin errepikapenak ikusita, lehenak bigarrenak baino argiagoa dirudi.

Bigarren zatia hasi bezain pronto markagailua estreinatzeko bi aukera izan ditu Mendilibarren taldeak. 50.ean, korner batean, ondo gainditu ditu Raul Garciak Albelda eta Diego Costa eta jokalari gorritxoaren buruko erremateari erantzun bikaina eman dio Diego Alvesek. Hiru minutu geroago Nekounamentzat izan da gol aukera. Irandarrak falta arriskutsu bat atera du eta Alvesek, berriro, gola saihestu du.

Minutuek aurrera egin ahala erosoago jokatu du Valentziak eta 84. minutuan markagailua estreinatu du Roberto Soldadok. Reyno de Navarrako zaleak hotz utzi ditu Osasunako jokalari ohiak. Baina partida ez zegoen erabakita. Lolok 91. minutuan egindako golak puntu bat eman dio Iruñako taldeari. Osasunak falta bat atera du eta Alvesek ezin izan du behar bezala aldaratu, baloia jaberik gabe geratu da area barruan eta Lolok 1-1ekoa sartu du. Emaitza justua.