Itxi

Osasuna

1-3

Osasunak irabazi du Euskal Herria Txapela, Reala mendean hartuta

A. B. E. | EITB Media

Gorritxoek 1-3ko emaitzarekin lortu dute garaipena. Budimirrek bi gol sartu ditu Osasunarentzat, Jaumek beste bat, eta Willian Josek egin du Realaren gola.

11:55
Osasuna

Osasunak irabazi du Euskal Herria Txapelaren bosgarren edizioa, Realari 1-3ko emaitzarekin irabazita ostiral honetan Irungo Stadium Galen jokatutako partida. Iaz txuri-urdinek irabazi zuten txapelketa, eta aurten Nafarroako taldea nagusitu da.

Gorritxoak izan dira nagusi neurketaren hasieran. Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldea erasokor zelairatu da, eta abagune argiak sortzea kosta zaion arren, arriskua eraman du aurkariaren ate ingurura. Talde gorritxoak gola sartzeko izan duen lehen aukera argia 17. minutuan iritsi da; Reala ez da ondo ibili defentsako lanean Osasunak ateratako kornerrean, Oier Sanjurjok errematea egin du bigarren zutoinean, eta baloia kanpora joan da oso gutxigatik.  Reala ezinean ibili da lehen zatian. Osasunak ekinean jarraitu du, eta saria jaso du 32. minutuan: Budimirrek 0-1ekoa sartu du, gorritxoek falta azkar atera eta Nacho Vidalen erdiraketa sare barrura errematatuta. Txuri-urdinek huts egin duten defentsan, Remiro atezainaren eta Le Normanden arteko gaizki-ulertuaren ostean.

Talde gorritxoaren golaren ostean etorri da Realaren erantzuna; Bautistak area kanpotik jaurtiketa egin duen jaurtiketa kanpora joan da, aurkari batengan jo ostean. Jarraian, txuri-urdinen aldeko kornerrean Sergio Herrera atezainak gelditu egin du Aritz Elustondoren errematea. Horrenbestez amaitu da lehen zatia eta Osasuna gol bateko abantailarekin iritsi da atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasieran bigarren gola sartzeko aukera izan du Osasunak, baina Lucas Torroren jaurtiketa ona ez da sare barrura sartu, zutoina jo ostean. Atsedenaldiaren ostean izan duen lehen abagunean, Realak neurketa berdintzea lortu du; Sergio Herrera atezainak Barrenetxearen jaurtiketa desbideratu du, baloia solte geratu da area barruan eta Willian Josek banakoa jarrai du markagailuan (1-1), aldaratzea jaso ostean.

Pozak ez dio asko iraun Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeari, txuri-urdinek berdinketaren gola sartu eta hamaika minutu beranduago Osasunak 1-2koa sartu baitu Budimirren bidez. Ruben Garciak erdiraketa ona egin eta talde gorritxoko aurrelariak erremate bikaina egin du Remiro gaindituz.

Neurketa berdintzeko aukera ezin hobea izan du talde donostiarrak 76. minutuan, baina Le Normand ez da errematera iritsi Sergio Herrerak aurrea hartu eta baloia desbideratu duelako. Bi minutu beranduago, ordea, Osasunak kontraerasoa antolatu eta Jaumek gola sartu du (1-3) area kanpotik jaurtiketa gurutzatua egin eta Remiro gaindituta.

Azken txanpan saiatu da Reala desabantaila murrizten, baina Osasunak ondo eutsi dio, eta Euskal Herria Txapela irabazi du.

Fitxa teknikoa:

1 - Reala: Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Muñoz; Turrientes, Navarro, Merquelanz; Bautista, Barrenetxea eta Willian Jose. Bigarren zatian zelairatu dira: Garrido, Nais, Roberto Lopez eta Lobete.

3 - Osasuna: Herrera; Nacho Vidal, Unai Dufur, David Garcia; Torro, Oier, Darko; Kike Barja; Ruben Garcia, Budimir eta Barbero. Bigarren zatian zelairatu dira: Kike Garcia, Iñigo Perez, Torres, Ramalho eta Jaume.

Golak: 0-1, 32. min: Budimir. 1-1, 53. min: Willian Jose. 1-2, 64. min: Budimir. 1-3, 80. min: Jaume.