Itxi

Osasuna

Final-hamaseirenak

Osasuna Kopatik kanpo geratu da, Gironarekin galduta (1-0)

EITB MEDIA

Nafarrek lehen zatiko bosgarren minutuan jaso dute partidako gol bakarra. David Juncák sartu du.

4:37
Girona-Osasuna, Errege Kopa 2022

Osasunak agur esan dio Errege Kopari, final-hamaseirenetako kanporaketan Gironaren etxean 1 eta 0 galduta. David Juncák egin du neurketako gol bakarra, partidako 6. minutuan.

Iruindarren hirugarren porrota jarraian da gaurkoa. Girona, berriz, sasoiko da; Lehen Mailara igotzeko play-off postuetan sartuta dago eta etxean jokatutako azken bost partidak irabazi egin ditu. Sei garaipen erdietsi dituzte orotara, jokatutako azken zazpi neurketetan.

Partidako gol bakarra 6. minutuan iritsi da. Santi Buenok asistentzia ederra eman dio Juncári, Osasunako atzelarien bizkarretik, eta golegileak Juan Perez atezaina gainditu du jaurtiketa gurutzatu batekin.

Osasunak berdinketa bilatu du; gogoa erakutsi dute, baina ez dute asmatu. Lehen zatiaren amaieran izan dute aukerarik argiena, Chimmy Avilak egindako jaurtiketa batean, baina atezainak eta zutoinak baloia ate barrura sartzea saihestu dute.

Bigarren zatian gauzak ez dira aldatu. Nafarrak kataluniarren areara gerturatu dira Roberto Torresek egindako jaurtiketa pare batekin, baina etxeko taldeak neurketa kontrolpean izan du denbora guztian. Ondorioz, 2 eta 0ekoa gertuago izan da, banakoa baino.

58. minutuan, Naguel Bustosek bigarrena egiteko aukera paregabea alferrik galdu du, Alex Baenak pase bikaina eman ostean.

Bittor Alkizak Kike Garcia eta Ante Budimir zelairatu ditu, eta biek aukerak izan dituzte, baina Gironak ondo eutsi die gorritxoei eta, azkenean, final-zortzirenak jokatzeko txartela lortu du.

Fitxa teknikoa:

1 - Girona: Juan Carlos; Calavera, Santi Bueno, Juanpe (Bernardo, 46. min), Biel Farrés, Juncà (Jairo, 72. min); Ibrahima Kébé, Pol Lozano (Aleix García, 65. min); Borja García (Álex Baena, 46. min), Ricard Artero; eta Nahuel Bustos (Samu Sáiz, 65. min).

0 - Osasuna: Juan Pérez; Ramalho, Unai García, Juan Cruz, Manu Sánchez; Oier (Kike García, 66. min), Jaume (Moncayola, 66. min); Javi Martínez (Nacho Vidal, 77. min), Roberto Torres (Budimir, 78. min), Kike Barja (Rubén García, 66. min); eta Chimy Ávila.

Gola: 1-0, 6. min: Juncà.