Itxi

Osasuna

Santander Liga

Chimy Avilaren golak hiru puntuak eman dizkio Osasunari (1-0)

EITB Media

Talde nafarrak Vila-real gainditu du Sadarreko futbol-zelaian jokatutako oso partida serioan.

0
Osasuna vs Vila-real: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Osasunak eta Vila-realek Santander Ligako 27. jardunaldiko partida jokatu dute Sadarreko futbol-zelaian. Gorritxoek Chimy Avilaren golari esker garaipen garrantzitsua erdietsi dute (1-0).

Rayo Vallecanoren etxean 0-3 irabazi ostean bi partida galduta (Realaren eta Atleticoren kontra) heldu da Osasuna partidara eta aurrean sasoian dagoen Vila-real, beraz, erronka zaila gorritxoentzat.

Jagoba Arrasatek aldaketak egin ditu hasierako hamaikakoan, Javi Martinez eta Kike Garcia, Budimirren eta Darkoren ordez, taldeari beste itxura bat emateko. Unai Emeryk jokalari guztiak izan ditu prest eta oso talde lehiakor atera du Yeremy, Danjuma, Lo Celso eta Alberto Moreno tartean.

Lehen zatian ez du ez batak ez besteak agindu, zelai erdian asko jokatu egin da.

10. minutuan Nacho Vidalek aukera paregabea izan du lehen gola egiteko, baina bere jaurtiketa defentsak aldaratu du area barruan.

26. minutuan aurreko astean lau gol egin zituen Yeremi Pinok erremate oso ona egin eta Sergio Herrerak erantzun bikaina eman behar izan dio gola ekiditzeko.

Hutseko emaitzarekin heldu da atsedenaldira. Bigarrenen Arrasatek eta Emeryk ez dituzte aldaketarik egin eta hasierako protagonistak hasi dira jokatzen.

Kanpoko taldeak aurrerapausoa eman eta gehiago heldu da talde nafararen areara, halere, Ruben Garciaren jaurtiketa bortitza kornerrera desbideratu egin du Rullyk 60. minutuan eta lau minutu geroago Ruben Garciak berak erdiratu eta Chimy Avilaren burukada sare barrura joan da aurreneko gola egiteko (1-0).

Hurrengo minutuetan Vila-realek berdinketaren gola bilatu egin du eta Osasunak, serio, eta zelaian ondo kokatuta, oso lan ona egin du. Arrasatek Avila kendu eta Aridane sartu du defentsa lerroa sendotzeko eta horrela amaitu da partida.

FITXA TEKNIKOA

Hamaikakoak

Osasuna: Sergio Herrera, Nacho Vidal, David Garcia, Juan Cruz, Manu Sanchez, Javi Martinez (71' Brasanac), Torro, Moncayola, Ruben Garcia (88' Oier Sanjurjo), Chimy Avila (81' Aridane) eta Kike Garcia (71' Budimir).
 
Vila-real: Rulli, Serge Aurier (77' Chukwueze), Albiol, Pau Torres, Estupiñan, Parejo, Capoue, Pino (77' Dia), Lo Celso (77' Trigueros), Alberto Moreno (58' Moi Gomez) eta Danjuma.

Epailea: José Luis Munuera Montero 

Futbol-zelaia: Sadar 

Gola

1-0, Chimy Avila (64').

Arrasate eta Emery entrenatzaileak

Arrasate eta Emery entrenatzaileak

Ruben Garcia eta Estupiñan

Ruben Garcia eta Estupiñan

Vila-realen aukera

Vila-realen aukera