Itxi

Osasuna

Santander Liga

Osasunak agur esan dio bolada onari Sadarren Atletico Madrilen aurka galduta (0-1)

A. B. E. | EITB Media

Talde gorritxoak hiru jardunaldi jarraian zeramatzan Santander Ligan porrotik jaso gabe, sei Kopa ere kontuan hartuta, baina galdu egin du Atleticoren kontra jokatutako 19. jardunaldiko neurketa.

  • Osasuna - Atletico Madril

    Osasuna - Atletico Madril partidako jokaldi batko irudia. Argazkia: EFE

Osasunak galdu egin du Atletico Madrilen aurka (0-1) Sadarren jokatutako Santander Ligako 19. jardunaldiko partida. Ondorioz, 2023ko lehen porrota jaso dute gorritxoek.

Osasuna - Atletico Madril (0-1) partidako laburpena

Nafarroako taldeak hiru norgehiagoka jarraian zeramatzan Ligan galdu gabe, eta sei guztira Kopa ere kontuan hartuta. Horrenbestez, agur esan dio bolada onari.

Bi taldeak gogotsu zelairatu dira Sadarren, baina kosta egin zaie abaguneak sortzea. Defentsako lanean sendo ibili dira gorritxoak eta koltxoneroak, eta aurrelariek gogotik sufritu behar izan dute. Gola sartzeko lehen aukera Atletico Madrilek izan du, baina Gimenezen errematea kanpora joan da langaren gainetik. Sei minutu beranduago, talde bisitariak beste abisu bat eman du; Barriosen jaurtiketak, ordea, ez du atea topatu. Gainera, lehen zatia amaitu baino lehen Manu Sanchez Osasunako jokalariak Atleticoren gola eragotzi du Griezmannen errematea atepetik aterata.

Erasora jotzeko arazoak izan ditu Osasunak lehen 45 minutuetan, ez baitu zulorik aurkitu Atletico Madrilen defentsan.

Bigarren zatia hasi eta segindan Atletico Madril gola sartzetik gertu egon da, baina Aitor Fernandez atezainak gelditu egin du Griezmannen jaurtiketa. Sufritu egin du Osasunak bigarren zatiko lehen minutuetan, eta Nafarroako taldearen erantzuna 56. minutuan iritsi da Chimy Avilak gora bidalitako errematean bidez. Bost minutu beranduago, Moncayolaren jaurtiketa kanpora joan da, eta, 63. minutuan, Oblakek gorritxoen gola saihestu du Moi Gomezen erremateari erantzun bikaina emanda. Zortzi minutu beranduago, Atleticoko atezaina izan da protagonista berriro ere, Diego Morenoren jaurtiketa desbideratuta.

Osasunaren momentu onenean gola sartu du aurkariak; 74. minutuan Saulek jarri du 0-1ekoa markagailuan De Paulen pasea jaso eta Aitor Fernandez gaindituta.

Golak Atletico Madril hauspotu du, eta lehia erabakita uzteko bi abagune paregabe eduki ditu 80 eta 81. minutuetan: Aitor Fernandezek bikain erantzun du Griezmannen aurrean lehenengo, eta, ondoren, Gimenezen errematea desbideratu du talde gorritxoko atezainak.

Azken txanpan, Osasunak berdinketa lortzeko golaren bila jo du, eta gertu sartzetik gertu egon da, baina Oblak izan da protagonista beste behin, gorritxoen gola eragozteko; Atletico Madrileko atezainak desbideratu egin du Moncayolaren jaurtiketa norgehiagokako 92. minutuan.

Azkenean, porrota jaso du Osasunak, eta Atletico Madrilek poltsikoratu ditu hiru puntuak.

Fitxa teknikoa:

0 – Osasuna: Aitor Fernandez; Diego Moreno (Barja, 78. min), Aridane, David Garcia, Manu Sanchez; Torro; Ruben Garcia (Moncayola, 60. min), Pablo Ibañez (Darko, 60. min), Moi Gomez, Abde (Kike Garcia, 78. min) ta Chimy Avila (Budimir, 60. min).

1 – Atletico Madril: Oblak; Molina, Gimenez, Hermoso, Reinildo; Barrios (Saul, 64. min), Koke (Witsel, 87. min), De Paul (Kondogbia, 87. min), Lemar (Carrasco, 46. min); Griezmann, Correa (Morata, 64. min).

Gola: Saul 0-1 (74. min).

Epailea: Javier Alberola Rojas. Txartel hora atera dio Darko Osasunako jokalariari.