Itxi

Osasuna

Lesioa

Aimar Oroz zalantza da hurrengo partidetarako, Kopako final laurdenetan makadura izan ostean

EITB MEDIA

Osasunako jokalari gazteak, ezker hankan eta orkatilan, makadura du, muskulu edema sakonarekin. Sevillaren aurkako kanporaketan jasan zuen, eta klubak ez du zehaztu noiz egongo den, berriro ere, lehiara bueltatzeko moduan.

  • Aimar Oroz, Sevillaren aurkako partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Aimar Oroz, Sevillaren aurkako partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

Aimar Oroz Osasunako erdilaria zalantza da hurrengo partidetarako; izan ere, "makadura du, muskulu edema sakonarekin", ezker hankan eta orkatilan, Iruñeko klubak asteartean jakitera eman duenez. Osasunak ez du zehaztu jokalaria noiz egongo den, berriro ere, lehiara bueltatzeko moduan. Lesioa Sevillaren aurkako partidan jasan zuen, aurreko astean, Sadarren, Kopako final laurdenetako kanporaketan; igandean, Atletico Madrilen kontrako partidan, aulkian izan zen, eta ez zuen jokatu.

Testuinguru horretan, Osasunak jakitera eman du Aimar Orozi Universidad de Navarra Klinikan egindako mediku probek baieztatu egin dutela futbolariak, "ezker hankako eta orkatilako atzeko kanpoaldeko aldean", makadura duela, "muskulu edema sakonarekin, eta isuri artikular arinarekin".

Orozek, dio klubak, ondorengo egunetan, "berreskuratze lana" egingo du, eta haren bilakaerak zehaztuko du noiz bueltatuko den lehia dinamikara.

Otsailean, Osasunak Espanyol bisitatuko du (hilak 4, larunbata da), Valladoliden zelaian jokatuko du (hilak 12), Real Madril jasoko du (hilak 18) eta Sevillaren zelaian arituko da, azken asteburuan; martxoaren 1ean, aldiz, Kopara bueltatuko da, finalerdietako joanekoan, Athleticen aurka, Sadarren.