Itxi

Osasuna

Sadar futbol zelaia

Osasunak lanik eta soldatarik gabe utzi du bere Segurtasun zuzendaria Sadarren banderak kentzeagatik

EITB MEDIA

Klubaren iritziz, urtarrilaren 14an Osasuna-Mallorca partidan izandako istiluak "oso larriak" dira. Neurketa hartan, Osasunaren segurtasun langile batzuek hainbat ikurrin eta Nafarroako bandera eta zenbait pankarta kendu zituzten.

  • Sadar futbol zelaiaren artxiboko irudia. Argazkia: EFE.

    Sadar futbol zelaiaren artxiboko irudia. Argazkia: EFE.

Osasunak lanik eta soldatarik gabe utzi du bere Segurtasun zuzendaria Mallorcaren aurkako partidan Sadarren izandako istiluengatik; hain zuzen, neurketa hartan, urtarrilaren 14an, Osasunaren segurtasun langile batzuek hainbat ikurrin eta Nafarroako bandera eta zenbait pankarta kendu zituzten, eta, klubaren iritziz, gertaera horiek "oso larriak" dira.

Testuinguru horretan, Osasunaren Zuzendaritza Batza urtarrilaren 16an batzartu zen, eta espediente bati hasiera ematea adostu zuen, bi egun lehenago Sadarren Osasunaren eta Mallorcaren arteko partidan gertaturikoa ikertzeko. Egun horretan, zenbait bandera eta pankarta kendu zituzten harmailetan.

Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 28rako Iruñean deituta zuen mobilizazioan parte hartzeko deia egiten zuen pankarta handi bat zabaldu zuten bertan, aurretik pankarta hori zabaltzeko asmoaren berri eman gabe, eta, hori ikusita, futbol zelaiko segurtasun langileek harmaila horretako pankarta guztiak kentzea erabaki zuten.

Hori dela eta, tentsio uneak izan ziren segurtasun langile batzuen eta zale batzuen artean. Ikurrinak eta Nafarroako banderak kendu zituzten, harmailak Zuzendaritzaren dimisioa eskatu zuen, eta, azkenean, akordioa lortu zuten, pankartak eta banderak berriro zabaldu ahal izateko. Kendu nahi izan zuten pankarta batean, gazte batek elastikoa eskatu zion Darko Brasanac Osasunako jokalariari; futbolariak, partida amaituta, pankartaren trukean eman zion bere elastikoa gazteari.

Gertaerak argitzeko egin beharreko ikerketak amaituta, Osasunako Zuzendaritza Batzak aho batez adostu du hitzarmen kolektiboaren diziplinazko erregimenean jasotako zigorra jartzea Segurtasun zuzendariari; ondorioz, lanik eta soldatarik gabe utzi du.

Gainera, Sadarren egiten diren ekitaldiak zaintzen dituen segurtasun enpresari Osasunaren barne erregimeneko arauen berri ematea erabaki du klubak, eta, horrez gain, komunikatzeko teknika berriak abiatuko ditu, Osasunaren instalazioetan egingo dituzten partidetarako eta ikuskizunetarako.