Itxi

Osasuna

Santander Liga

Osasunak galdu egin du Vila-real Europarako postuetako aurkari zuzenaren kontra (0-3)

A. B. E. | EITB Media

Gorritxoek porrota jaso dute Sadarren Castelloko taldearen aurka 0-3ko emaitzarekin eta bigarren neurketa jarraian galdu dute.

  • Osasuna - Vila-real

    Osasunaren eta Vila-realen arteko partidako jokaldi bateko irudia. Argazkia: EFE

Osasunak galdu egin du Vila-realen aurka (0-3) igande honetan, martxoaren 19an, Sadarren jokatutako Santander Ligako 26. jardunaldiko partida. Ondorioz, gorritxoek bigarren porrota jarraian jaso dute.

Osasuna vs Vila-real partidako laburpena

Lehen abagunea Vila-realek izan du hirugarren minutuan, baina Yeremi Pinoren jaurtiketa kanpora joan da. Osasunak azkar erantzun du atea topatu ez duen Torroren errematearekin. Ondoren, ordea, Vila-realen hurrengo erasoko jokaldian Chukwuezek gola sartu du (0-1) talde bisitariantzat; Pedrazak hegaletik egindako erdiraketa errematatuta baloia atean sartu du nigeriarrak 14. minutuan.

Ondoren, 17. minutuan, Chukwuezek beste gol bat sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du Vila-realeko jokalaria jokoz kanpo egon delako.

Osasuna ezinean ibili da lehen zatian. Vila-real izan da baloiaren jabe eta gorritxoek gogotik egin behar izan dute lan aurkariaren erasoko jokaldiak gelditzeko. Hala ere, ondo moldatu da Osasuna defentsako lanean, eta lehen 45 minutuak Castelloko taldearen aldeko gol bateko abantailarekin amaitu dira.

Bigarren zatian erasokor zelairatu da Osasuna. Hegaletik egindako erdiraketen bidez saiatu dira gorritxoak abaguneak sortzen, baita Abderen jokaldien bitartez ere. Neurketako 54. minutuan izan du berdintzeko aukera argia Osasunak, baina Reina atezainak desbideratu egin du Abderen errematea eta baloia kanpora joan da zutoina jo ostean.

Ekinean ibili da Jagoba Arrasatek zuzendutako taldea eta Vila-real atzean sartuta egon da, baina talde bisitariak bigarrena sartzeko abagune ona izan du 64. minutuan; Aitor Fernandez atezainak, ordea, erantzun bikaina eman dio Yeremy Pinoren jaurtiketari.

Nafarroako taldearen aukera argiena 68. minutuan iritsi da, baina Brasanacek área barrutik egindako jaurtiketa langara joan da eta ez da ate barruan sartu. Osasunak erasokor jokatzen jarraitu du, nahiz eta ez duen abagunerik sortu.

Azken txanpan, 85. minutuan, gorritxoek baloia galdu dute zelai erdian eta Moralesek urrunetik jaurti eta Aitor Fernandez gainditu du (0-2). Gol ikusgarria sartu du.

Gainera, luzapenean, Moralesek berak jarri du 0-3koa markagailuan Yeremy Pinoren pasea baliatuta.

Amaieran, porrota Osasunarentzat. Jardunaldi honetan punturik lortu gabe geratuko da talde gorritxoa.

Fitxa teknikoa:

0 – Osasuna: Aitor; Nacho Vidal (Darko, 46. min), Aridane, David Garcia, Manu Sanchez; Torro (Pablo Ibañez, 78. min); Barja (Kike Garcia, 78. min), Moncayola, Moi Gomez, Abde (Ruben Garcia, 78. min); Chimy Avila (Budimir, 64. min).

3 – Vila-real: Reina; Foyth, Albiol (Mandi, 46. min), Torres, Pedraza (Mojica, 46. min); Trigueros, Parejo, Terrats (Lo Celso, 67. min); Chukwueze (Kiko Femenia, 85. min), Gerard (Morales, 35. min), Pino.

Golak: Chukwueze 0-1 (14. min), Morales 0-2 (85. min), Morales 0-3 (93. min).

Epailea: Muñiz Ruiz. Txartel horiak atera dizkie Nacho Vidal, Torro eta Darko Osasunako jokalariei, baita Yeremy Pino eta Morales Vila-realeko futbolariei ere.