Itxi

Osasuna

KONFERENTZIA LIGA

Osasunaren eta Brujasen arteko kanporaketa osoa, EITBn zuzenean

EITB MEDIA

Gorritxoek Konferentzia Ligan Belgikako taldearen aurka jokatuko dituzten bi norgehiagokak EITBn izango dira ikusgai, telebistaz (ETB1) eta Internetez (eitb.eus).

  • Osasunako jokalariak joan zen denboraldiko gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

    Osasunako jokalariak joan zen denboraldiko gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Osasuna Europako lehiaketetara bueltatuko da aurtengo denboraldian, eta zale gorritxoak zorioneko daude; izan ere, euren taldeak Konferentzia Ligako play-offetako kanporaketan Brujasen kontra jokatuko dituen bi neurketa ezin garrantzisuagoak telebistaz ETB1en zein eitb.eus-en streaming bidez ikusteko parada izango dute.

Osasunak ostegun honetan bertan, abuztuaren 24an, hartuko du Belgikako talde indartsua Sadarren, 20:30ean, joaneko lehian. Ronny Deila norvegiarrak zuzentzen duen taldea sasoiko iritsiko da Iruñera, bere ligako lider jarri baita asteburu honetan bertan, 10 punturekin, Ganterekin berdinduta.

Ondoren, astebete geroago, abuztuaren 31n, Belgikara bidaiatzea egokituko zaio Jagoba Arrasateren taldeari, kanporaketan nagusitu eta txapelketako multzoen fasera sailkatzeko asmoz. Jan Breydel estadioan jokatuko den partida, itzulikoa, 20:30ean hasiko da ere.

Hala, EITBk zuzen-zuzenean eskainiko ditu zirraraz beteriko bi norgehiagoka horiek, joanekoa zein itzulikoa, bai telebistaz ETB1 katean, bai Internetez eitb.eus atarian.