Itxi

Osasuna

KONFERENTZIA LIGA

Osasunak galdu egin du Brujasen aurka eta itzuliko partidan markagailua irauli beharko du (1-2)

I. G. | EITB MEDIA

Olsenek aurretik jarri du Belgikako taldea, eta Chimyk markagailua berdindu duen arren, Brujasek irabazi du partida Cuyperren golari esker.

  • Osasunako jokalariak, burumakur. Argazkia: EFE

    Osasunako jokalariak, burumakur. Argazkia: EFE

Osasunak desabantailarekin hasi du ostegun honetan Konferentzia Ligako play-offeko lehen kanporaketa, Brujasen aurka 1-2 galdu ondoren Sadarren jokatutako joaneko partidan. Olsenek aurretik jarri du Belgikako taldea, eta Chimyk markagailua berdindu duen arren, Brujasek irabazi du partida Cuyperren golari esker.

Osasuna - Brujas partidako laburpena

Partida erritmo biziarekin hasi da, bi taldeak aurkariaren areara azkar iritsi nahian, baina azken metroetan lana amaitu gabe. Izan ere, lehen ordu laurdenean inor ez da animatu jaurtitzera. Chimy Avila izan da lehena, baina jaurtiketa oso desbideratuta joan da.

Denborarekin, Osasunak protagonismoa irabazi du eta erasoan jarraitu du, hegalen abiadura aprobetxatuz, baina Brujasek ondo defendatu du bere burua eta ez du jokaldiak amaitzen utzi. Ruben Garcia urrutitik jaurtitzen saiatu da, baina Mignoletek ez du arazorik izan baloia gelditzeko.

Partida hasi eta ordu erdira, Osasunako jokalariek eskua eskatu dute gorritxoen aldeko korner batean, baina epaileak ez du ezer ezarri. Geroago, Ruben Garciak aurreratuta ikusi du aurkariaren atezaina eta gainetik sartzen saiatu da, baina kanpora joan zaio gutxigatik. Area barrutik saiatu da gutxira, baina ez zegoen baloia sarera bidaltzeko modurik.

Lehen zatiko azken minutuetan, bisitariek ordura arteko aukerarik argiena izan dute, Zinckernagelek erdiraketa area txikitik errematatu duenean, baina errematea gora joan zaio.

Aldageletatik bueltan, Brujasek aurrea hartu du markagailuan Olsenen golari esker. Jokalari danimarkarrak baloia hartu du hegalean eta, zorte pixka batekin, Osasunako bi defentsetatik joan da eta ondoren Aitor Fernandez gainditu du (0-1).

Belgikako taldea hobeto aritu da hurrengo minutuetan, Nafarroako taldearen presek bultzatuta, besteak beste. Markagailuko aldea handitzeko zorian ere izan dira, baina Osasunako atzelarien hanka bat garaiz agertu da hori eragozteko.

78. minutuan Chimy Avila azkar ibili da Moncayolaren erdiraketa airean harrapatzeko eta berriro ere taulak jartzeko markagailuan burukada batekin (1-1).

Baina gutxi iraun die pozak etxekoei, handik bi minutura Cuyperrek zulora egindako pase bat jaso baitu, Osasunako atzelariak ustekabean harrapatuz, Brujas berriro aurretik jartzeko (1-2).

Osasunak aukera ona izan du azken minutuetan Chimyren jokaldi on baten ostean, baina, nahiz eta hiru jokalari saiatu diren, hanka gehiegi zeuden tartean.

Azkenean, Osasunak ezin izan du emaitza aldatu eta hurrengo ostegunean, abuztuaren 31n, Belgikan jokatuko den itzuliko partidan emaitza iraultzea izango du helburu.

Fitxa teknikoa

1 – Osasuna: Aitor Fernández; Peña (Areso, 88. min), Catena, David Garcia, Mojica; Torro (Ibañez, 82. min); Ruben Garcia (Budimir, 65. min), Moncayola, Aimar (Arnaiz, 65. min), Moi Gomez (Barja, 88. min); Chimy Avila.

2 – Brujas: Mignolet; Buchanan (Sabbe, 74. min), Mechele, Spileers, De Cruyper; Onyedika, Vanaken, Vetlesen (Odio, 88. min); Olsen (Nusa, 74. min), Thiago (Boyata, 74. min), Zickernagel (Skoras, 88. min).

Golak: Olsen 0-1 (50. min), Chimy Avila 1-1 (78. min), De Cuyper 1-2 (80. min).

Epailea: Benoit Millot. Txartel horia atera die Mojica eta David Garciari Osasunatik, eta Thiago, Olsen, Onyedika eta Mignoleti Brujasetik.