Itxi

Osasuna

EA SPORTS LIGA

Osasunak porrota jaso du Getaferen aurka (3-2)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gorritxoek birritan berdindu dute markagailua, Muñozen eta Budimirren golekin, baina Maksimovicek partida erabakita utzi du etxekoen hirugarren golarekin bost minuturen faltan.

  • David Garcia, Getaferen aurkako partidan. Argazkia: EFE

    David Garcia, Getaferen aurkako partidan. Argazkia: EFE

Osasunak porrota jaso du igande honetan Getaferen aurka (3-2), EA Sports Ligako bosgarren jardunaldiko partidan. Gorritxoek birritan berdindu dute markagailua, Muñozen eta Budimirren golekin, baina Maksimovicek partida erabakita utzi du etxekoen hirugarren golarekin bost minuturen faltan.

Getafe - Osasuna partidako laburpena

Jagoba Arrasateren taldea baloiaren jabe egin da lehen hogeita hamar minutuetan, eta bi aukera arriskutsu izan dituzte, bata Chimy Avilaren urruneko jaurtiketa batekin, David Soriaren atearen eskuinaldetik joan dena, eta bestea Ante Budimirren burukada batekin, atezain madrildarrak harrapatu duena.

Getafe, nagusi izan gabe, bere aukeraren zain egon da eta geldikako jokaldian iritsi zaio. Damian Suarez uruguaitarrak erdiraketa neurtu bat jarri dio Stefan Mitrovici hark buruarekin gola egin zezan (1-0).

Atsedenaldira iritsi aurretik, Osasunak berdinketa lortu du jokaldi on baten ostean. Iker Muñozek garaiera ertaineko bolea batekin bukatu du jokaldia (1-1).

Bigarren zatia erritmo biziarekin hasi da, Getaferi mesede eginez. Jose Angel Carmonaren bitartez aurrea hartu du berriz Getafek, Diego Ricoren ezkerreko erdiraketa buruz errematatuz (2-1).

Pozak gutxi iraun dio talde madrildarrari, ia jarraian David Soriak area barruan Budimir lurrera bota duelako eta kroaziarrak, hamaika metroetatik, ez du hutsik egin (2-2).

Partida garaile argirik gabe moteltzen ari zela zirudienean, Getafek, berriro geldikako jokaldi batean eta buruz, gola sartu du. Oraingoan Nemanja Maksimovicek bidali du sare barrura baloia (3-2).

Fitxa teknikoa

3 - Getafe: David Soria; Carmona (Aleña, 62. min), Duarte (Arambarri, 62. min), Mitrovic, Diego Rico (Gaston, 90. min); Damian Suarez, Djene, Maksimovic, Mata (Oscar Rodriguez, 62. min); Mayoral eta Latasa (Greenwodd, 77. min).

2 - Osasuna: Herrera; Peña, Herrando, David Garcia, Cruz; Iker Muñoz, Aimar Oroz (Ibañez, 79. min), Moi Gómez; Chimy Avila (Ruben Garcia, 68. min), Barja (Arnaiz, 68. min); eta Budimir (Raul, 79. min).

Golak: 1-0: 33. min Mitrovic; 1-1: 44. min Iker Muñoz; 2-1: 51. min Carmona; 2-2: 57. min Budimir, penaltiz; 3-2: 85. min Maksimovic.

Epailea: Alejandro Jose Hernandez Hernandez. Txartel horia atera die Duarte, Latasa, Soria, Carmona, Djenem, Mitrovic eta Avila (38) jokalariei. Txartel gorriarekin kanporatu du Angileri, aulkian zegoela.