Itxi

Osasuna

EA Sports Liga

Osasunak porrota jasan du Betisen aurka (2-1), Benito Villamarinen

EITB Media

Talde gorritxoak galdu egin du Sevillan jokatutako EA Sports Ligako 11. jardunaldiko partida. Iscok luzapenean sartutako golak eman dio garaipena Betisi.

  • Betis - Osasuna

    Budimir, Osasunako jokalaria, Betisen aurkako partidako jokaldi baten. Argazkia: EFE

Osasunak galdu egin du Betisen aurka (2-1), igande honetan, urriaren 28an, Benito Villamarinen jokatutako EA Sports Ligako 11. jardunaldiko partida. Hala, talde gorritxoak sailkapeneko 11. postuan (13 puntu) amaituko du jardunaldia.

Nafarroako taldea erasokor zelairatu da, baina ez du gol aukera argirik sortu. Betisek ere ez du ia abagunerik izan. Hala, bada, bazirudien lehen zatia golik gabe amaituko zela, baina ez da horrela izan, etxeko taldeak gola sartu baitu atsedenaldira iritsi aurretik; Willian Jose izan da Betisen golegilea (1-0), 46. minutuan. Aurrelari brasildarrak Herrera atezaina gainditu du, Iscoren erdiraketa errematatuta.

Bigarren zatiaren hasieran, Osasuna izan da nagusi. Lucas Torrok saiakera egin du area kanpotik 60. minutuan, baina haren jaurtiketa kanpora joan da. Ondoren, Iruñeko taldeari kosta egin zaio aurkariaren ate inguruan arriskua sortzea, eta susto handia hartu du 68. minutuan: epaileak penaltia adierazi du Betisen alde, ustez David Garciak area barruan falta egin diolako Assane Diaori. Gainera, bigarren txartel horia atera dio Osasunako kapitainari. Hala ere, arbitroak bi erabakiak baliogabetu ditu, VAR sistema kontsultatu ostean.

Epailearen azken erabaki horrekin arnasa hartu ahal izan du talde gorritxoak, eta, gainera, lehia berdintzeko gai izan da; 85. minutuan, Ruben Garciak zulatu du Betisek babestutako atea (1-1), Catenaren pase luzea jaso eta eskuin hankarekin egindako jaurtiketarekin.

Azken minutuetan, Betisek atzean sartu du Osasuna. Gorritxoak saiatu dira berdinketari eusten, baina Iscok 2-1koa jari du markagailuan 94. minutuan; Malagako erdilariak baloia jaso du area barruan, eta Herrera gainditu du jaurtiketa on batekin.

Betisen bigarren gol horrek erantzuteko aukera gabe utzi du talde gorritxoa, eta Sevillako taldeak poltsikoratu ditu hiru puntuak (2-1).

Fitxa teknikoa:

2 - Betis: Claudio Bravo; Bellerín, Pezzella, Chadi Riad, Miranda (Abner Vinícuis, 87. min); Marc Roca (William Carvalho, 87. min), Guido Rodríguez; Assane Diao, Isco, Ayoze (Ez Abde, 75. min); eta Willian José (Luiz Henrique, 64. min).

1 - Osasuna: Sergio Herrera; Areso, Catena, David Garcia, Ruben Peña (Kike Barja, 77. min); Torró (Rubén García, 77. min); Chimy Avila (Raul Garcia, 46. min), Moncayola (Mojica, 46. min), Aimar, Moi Gomez; eta Budimir (Ibañez, 88. min).

Golak: 1-0, 46. min: Willian Jose. 1-1, 85. min: Ruben Garcia. 2-1, 94. min: Isco.

Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez. Txartel horia atera die David Garcia (53. min), Moi Gomez (80. min), Catena (81. min) eta Sergio Herrera (92. min) Osasunako jokalariei, baita Luiz Henrique (71. min), Isco (76. min) eta Assane Diao (92. min) Betiseko futbolariei ere.