Itxi

Osasuna

EA Sports Liga

Osasunak porrot egin du Vila-realen kontra (3-1), eta lau partida jarraian daramatza irabazi gabe

A. B. E. | EITB Media

Gorritxoek 3-1 galdu dute Castelloko taldearen aurka Madrigalen jokatutako EA Sports Ligako 14. jardunaldiko partida. Osasunak barkatu egin du aurkariaren ate aurrean, eta garesti ordaindu du gol falta.

  • Vila-real vs Osasuna

    Vila-real vs Osasuna partidako irudi. Argazkia: EFE

Osasunak 3 eta 1 galdu du Vila-realen kontra, igande honetan, azaroaren 26an, Zeramika estadioan jokatutako EA Sports Ligako 14. jardunaldiko partida. Ondorioz, lau neurketa jarraian daramatza irabazi gabe.

Nafarroako taldea baloiaren jabe izan da neurketaren hasieran, eta bi abagune argi izan ditu, baina Jorgensen atezainak ezerezean utzi ditu biak, eta 13. minutuan, Catenak eragotzi du Vila-realen gola, baloia atepetik aterata. Lehen zatiaren amaieran, Osasuna izan da nagusi; gorritxoek, ordea, ezin izan dute aurkariaren atea zulatu. Vila-realek ere izan du gola sartzeko aukeraren bat, baina lehia golik gabe berdinduta iritsi da atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasieran, talde gorritxoak abagune argia izan du: Albiolek Peñaren erdiraketa desbideratu du, eta Moncayolaren jaurtiketa kanpora joan da. Vila-real baino hobeto jokatzen ibili da Osasuna, baina etxeko taldeak gola sartu du atsedenaldiaren ostean izan duen lehen abagunean; Gerard Morenok jokaldi bikaina egin du, eta haren pasea baliatuta, Moralesek 1-0ekoa jarri du markagailuan.

Golak min egin dio Osasunari, eta Vila-realek bigarrena sartu du 70. minutuan. Moralesek atzean utzi ditu aurkariak, eta ez du barkatu Herrera atezainaren aurrean (2-0).

Maldan gora jarri zaio norgehiagoka Osasunari. Hala ere, gorritxoek desabantaila murriztu dute 77. minutuan, Catenaren golari esker (2-1). Madrilgo jokalariak hegaletik etorri den erdiraketa errematatuta zulatu du Vila-realen atea.

Dena den, Castelloko taldeak azkar zapuztu du Osasunaren berdinketa lortzeko ametsa, 3 eta 1ekoa sartuta. Moralesek hat-tricka lortu du 79. minutuan, Herrera hirugarrenez gaindituta.

Azken txanpan, kontrolpean izan du partida Vila-realek, eta Osasuna galtzaile atera da (3-1).

Fitxa teknikoa:

3 - Vila-real: Jorgensen; Foyth, Albiol, Cuenca, Altimira (Ilias Akhomach, 67. min), Parejo, Capoue (Comesaña, 67. min), Pedraza (Moreno, 86. min), Alex Baena, Morales (Ben Brereton, 86. min) eta Gerard Moreno (Trigueros, 78. min).

1 - Osasuna: Sergio Herrera; Areso, Catena, David Garcia, Mojica, Moncayola (Raul, 63. min), Lucas Torro (Iker Muñoz, 77. min), Aimar Oroz (Unai Garcia, 78. min), Ruben Peña (Chimy Avila, 67. min), Budimir (Arnáiz, 77) eta Moi Gomez.

Goles: 1-0, 57. min: Morales. 2-0, 70. min: Morales. 2-1, 71. min: Catena. 3-1, 79. min: Morales.

Epailea: De Burgos Bengoetxea.