Itxi

Osasuna

Deportivoren aurka 2-0 galduta

Osasunak porrotarekin ekin dio denboraldiari

Erredakzioa

Rikik penalti bat huts egin du 47. minutuan, baina bigarren zatiaren hasieran 1-0ekoa sartu du. Luzapenean Oliveirak biribildu du galiziarren garaipena, 2-0ekoa sartuta.

  • Raoul Loe eta Able Aguilar baloiagatik lehian Riazorren jokatu den Deportivo-Osasuna partidan. Argazkia: EFE

Osasunak 2-0 galdu du Deportivoren aurka Riazorren. Partida parekatua izan da, baina merezitako garaipena lortu dute galiziarrek. Riki eta Oliveira izan dira norgehiagokako golegileak. Talde gorritxoak ez dio ondo ekin BBVA Ligari.

Partidak intentsitate handia izan du lehen minutuetan. Deportivo etxean ari zen jokatzen, eta bere zaleak hasieratik pozik eduki nahi zituen. Talde galiziarrak sortu du partidako lehen gol aukera. Seigarren minutuan Pizzik egindako jaurtiketak, langa jo du. Minutuak pasa ahala Osasunak jokoa hobetu du, eta norgehiagoka parekatu egin da. Gorritxoek gola sartzeko aukera paregabea izan dute 28. minutuan, baina Dani Aranzubia atezainak erantzun bikaina eman dio Joseba Llorentek egindako erremateari.

Zale galiziarrak haserre bizian jarri dira 41. minutuan. Epaileak ez du Raoul Loek Rikiri egindako penalti argia adierazi. 47. minutuan, ordea, Fernandez Borbalan epaileak adierazi egin du Miguel Flañok Bruno Gamari egindako penaltia. Rikik egin du jaurtiketa, baina baloia kanpora joan da, zutoinean jota. Norgehiagoka 0-0eko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.

Bigarren zatiak erritmo biziagoa izan du. Bi taldeak indarberrituta zelairatu dira, eta erasora jo dute. Deportivok ez du asko itxaron lehen gola sartezko. Rikik 52. minutuan sartu du 1-0ekoa area kanpotik egindako jaurtiketaren bitartez.

Gola hartuta Osasuna saiatu da berdinketa lortzen, baina Deportivo sendo ibili da defentsako lanean. Galiziarrek arriskua sortu dute kontraerasora ateratzerakoan, baina bi taldeetako batek ere ez du gol aukera argiegirik sortu.

Osasunak azken minutuetan partida berdintzeko egin dituen saiakerak alferrikakoak izan dira, eta Deportivok bigarren gola sartu du 92. minutuan. Oliveirak amaiera bikaina eman dio galiziarren kontraerasoari, eta 0-2koa egin du. Emaitza horrekin bukatu da partida, eta Osasuna punturik eskuratu gabe itzuliko da Iruñeara.

Fitxa teknikoa:

2 - Deportivo: Aranzubia; Manuel Pablo, Aythami, Marchena, Evaldo; Abel Aguilar, Juan Dominguez; Bruno Gama, Valeron (Alex Bergantiños; 72. min), Pizzi (Camuñas; 85. min); eta Riki (Nelson Oliveira; 64. min).

0 - Osasuna: Andres Fernandez; Marc Bertran, Miguel Flaño, Arribas, Damia; Cejudo, Puñal, Raoul Loe (Lamah; 77. min), Sisi (Torres; 84. min); Llorente (Kike Sola; 71. min) eta Nino.

Golak: 1-0; 52. min, Riki. 2-0; 92. min, Nelson Oliveira.
Epailea: Fernandez Borbalan.