Futbola
Eurokopa 2025
Espainiak Eurokopako finala jokatuko du, finalaurrekoan Alemania menderatuta (0-1)
EITB MEDIA
Aitana Bonmatik luzapenean sartutako golak erabaki zuen kanporaketa. Igandeko finalean, Ingalaterra izango du aurkari.
-
Aitana Bonmati, Alemaniaren kontrako finalaurrekoan. EFE
Espainiako futbol selekzioak Eurokopako final baterako sailkatzea lortu du, lehen aldiz, Alemania 0-1 mendean hartuta. Aitana Bonmatik 113. minutuan sartutako golak erabaki zuen kanporaketa, atezain alemaniarrak hanka sartu baitzuen.
Zuricheko (Suitza) Stadion Letzigrund zelaian, bi taldeek agertutako bizitasuna ez zen nahikoa izan arauzko denboran markagailuko berdinketa hausteko, nahiz eta aukerak izan. Espainiaren taldean, esaterako, Salma Paralluelok eta Athenea del Castillok lotura onak egin zituzten; Alemaniak ere aukera garbi bat izan zuen, baina Cata Coll atezainak ondo-ondo eutsi zion, bi geldiketa eginda. Horrenbestez, luzapena jokatu behar izan zuten norgehiagoka bideratzeko.
Azkenik, 113. minutuan iritsi zen Bonmatiren gola: Del Castillok egindako pase bat eskuinkadaz lehen zutoinera bidali zuen. Izan ere, Ann-Katrin Berger atezainak ez zuen hutsune hori ondo babestu. Hori dela eta, Espainiak igandeko finala jokatzeko txartela eskuratu zuen: Ingalaterra izango du aurkari.
Fitxa teknikoa
0 - Alemania: Berger; Wamser, Kleinherne (Lohmann, 97. min), Minge, Knaak, Kett; Brand, Dabritz (Dallmann, 64. min), Senss (Schüller, 113. min), Bühl; eta Hoffmann (Cerci, 86. min).
1 - Espainia: Coll; Batlle, Paredes, Mendez, Carmona; Bonmati, Guijarro, Putellas; Caldentey (Martin-Prieto, 103. min), Gonzalez (Paralluelo, 68. min) eta Pina (Del Castillo, 77. min).
Golak
0-1, 113. minutuan: Aitana Bonmati.
Epailea: Edina Alves (BRA). Alemaniako Dabritzi txartela horia atera zion (17. min), eta Gonzalezi (20. min), Guijarrori (107. min) eta Paralluelori (111. min), Espainiako taldean.

