Futbola
RFEF-ko dirua
Villar berriro auzipetu du Justiziak
Erredakzioa
Espainiako Futbol Federazioko fondoak 2002an bidaia pribatuak ordaintzeko erabili ote ziren ikertzeko auzia berriz zabaltzea adostu du Madrilgo Auzitegiak.
-
Angel Maria Villar RFEFko presidentea. EFE
Espainiako Futbol Federazioko (RFEF) fondoak 2002an bidaia pribatuak ordaintzeko erabili ote ziren ikertzeko auzia berriz zabaltzea adostu du gaur Madrilgo Auzitegiak. Horrela, RFEFko arduradunak berriro auzipetu ditu, besteak beste, Angel Maria Villar presidentea.
Auzia artxibatzeko erabakia hartu zuen Adolfo Carretero epaileak 2010eko azaroan, baina Auzitegiak ikerketarekin jarraitzeko agindua eman du orain. Korea eta Japoniako Munduko Kopara joateko bidaiak ikertzen ari dira.
Era berean, Jose Maria Castillon RFEFko administratzaile nagusia, Juan Antonio Padron presidenteorde ekonomikoa, Antonio Borras Zuzendaritza Batzordeko kidea eta Juan Espino presidenteordea auzipetu ditu Auzitegiak.
Javier Tebas LFPko presidenteordeak auzia artxibatzearen aurkako helegitea aurkeztu zuen eta Justiziak arrazoia eman dio. Tebasek Villar, Padron eta RFEFko beste zuzendarien kontrako salaketa jarri zuen 2003an.