Futbola
Ustez, Asiatik kontrolatuta
Europolek ustelkeria sare bat atzeman du futbolean
Erredakzioa
Europako polizia agentziaren arabera, 15 herrialde baino gehiagotan zabalduta zegoen sarea, eta 380 partida baino gehiagotan legez kanpoko apustuak egin zirela uste dute.
-
Argazkia: EFE
Europolek, Europako polizia agentziak, ustez futbol profesionalaren inguruan zabaldutako ustelkeria sare bat atzeman du. Sarea 15 herrialde baino gehiagotan omen zegoen zabalduta, eta Asiatik kontrolatzen zuten, arrastoen arabera.
Rob Wainwright Europoleko zuzendariak “380 norgehiagoka profesional baino gehiagotan apustu ilegalak” egon direla esan du, Hagan emandako prentsaurrekoan.
“150 neurketako emaitzetan iruzurra egin dela aurkitu dugu”, azaldu du Europoleko ikertzaile batek. Ikertutako herrialdeen artean, Alemania, Austria, Eslovenia, Britainia Handia, Hungaria, Holanda eta Turkia daude.
50 pertsona atxilotu dituzte, eta beste 28 atxilotzeko agindua eman dute. Europoleko ikertzaileek 425 partida ikertu dituzte, eta horietan parte hartu duten taldeetako ordezkariak, jokalariak, eta gaizkileak.