Futbola
Larunbatean, 16:00etan
Real Madrilek eta Bartzelonak garrantzi gutxiko Klasikoa jokatuko dute
Erredakzioa
Talde katalanak sailkapenean duen 16 puntuko abantaila, eta Madrileko taldeak asteartean jokatzen duen Txapeldunen Ligako kanporaketak, norgehiagoka baldintzatzen dute.
-
Messi eta Khedira Kopako Bartzelona-Real Madril partidan. Argazkia: EFE
Real Madrilek Bartzelona Errege Kopatik at utzi zuen asteartean, eta talde merengeak erakustaldia eman zuen Camp Noun. Asteburu honetan berriro indarrak neurtuko dituzte bi taldeek Santiago Bernabeun (16:00etan).
Bartzelonak Ligan Real Madrili ateratzen dizkioen 16 puntuek, eta Mourinhok zuzentzen duen taldeak asteartean Manchester Uniteden aurka jokatuko duen Txapeldunen Ligako partidak, garrantzia kentzen dio asteburu honetako Klasikoari.
Bartzelonak ez du AC Milanen aurka Txapeldunen Ligako partida martxoaren 12ra arte jokatuko, eta daukan hamaikako onena zelairatuko du mendekua hartzeko asmoz. Xavi Hernandez, ordea, baja izango da min hartuta baitago.
Real Madrilek, aldiz, atsedena emango die jokalari garrantzitsu askori, eta ez du ohiko hamaikakoa aterako. Kaka, Callejon eta Modric bezalako jokalariek Klasikoa jokatzeko aukera izango dute. Di Maria zigortuta dago, eta baja da larunbateko partidarako.