Futbola
Polemika
Frantziako futbolak greba egingo du aberatsen zergaren kontra
Erredakzioa
Hollandek % 75eko zerga jarri die milioi bat euro baino gehiago irabazten dutenei. "Erabaki horrek Frantziako futbolaren heriotza ekarriko du, Europako 3. mailan egongo gara", salatu dute.
-
Lehen eta bigarren mailako taldeek aho batez erabaki dute greba egitea. Efe.
Frantziako lehen eta bigarren mailako futbol taldeek greba egitea erabaki dute, aho batez, azaroaren azken asteburuan. Grebaren bidez, Hollanderen Gobernuak diru-sarrera altuak dituztenei jarri nahi dien zergaren kontra protesta egin nahi dute.
Greba eginez gero, Frantziako futbolak 1972. urtetik egiten duen lehena izango da.
"Zergak Frantziako futbolaren heriotza ekarriko du, Europako 3. maila izango gara", esan du Jean Pierre Louvel Frantziako Futbol Talde Profesionalen Elkarteko (UCPF) presidenteak. "Frantziako futbol taldeek beti ordaindu dute, baina ezin dute ordaintzen jarraitu".
Françoise Hollande presidenteak hauteskunde kanpainan promestutakoari eutsi eta % 75eko zerga jarri die urtean milioi bat euro baino gehiago irabazten dutenei.
Zergak elkarte guztiei eragiten die, baina futbol taldeen iritziz, beraiei egiten die minik gehien, gainontzeko herrialdeetako futbol taldeei abantaila ematen dielako.
100 milioi euroko defizita
Futbol taldeen arabera, zerga berria ordaintzeak 44 milioiko gastua ekarriko die. Paris Saint Germain ospetsuak, esaterako, 20 milioi euro ordaindu beharko ditu. Monako da soldata handiak ordaintzen dituen beste talde bat, baina Printzerriak duen fiskalitate bereziari esker, ez dio tasa berriari aurre egin beharko.
Guztira, Frantziako taldeek 100 milioi euroko defizita dute duela hiru urtetik hona.