Futbola
2-1
Eibar sendo mantentzen da igoera postuetan Deportivori irabazi ostean
Erredakzioa
Armaginek 2-1 irabazi diote Adelante Ligako liderrari Ipuruan. Arruabarrenak sartu ditu etxekoen bi golak eta Luisek murriztu ditu aldeak galiziarrentzat, 90. minutuan.
Eibarrek ezustekoa eman du Adelante Ligako liderra den Deportivori 2-1 irabazi ostean. Arruabarrena izan da Ipuruan jokatu den partidako izarra, berak sartu baititu talde armaginaren bi golak.
Partida oso parekatua eta lehiatua izan da. Bi taldeek golak sartzeko abaguneak izan dituzte lehen minutuetan, baina Eibar izan da lehen gola sartu duen taldea. Arruabarrenak egin du 1-0ekoa, 37. minutuan. Horrenbestez, lehen zatia Eibarren aldeko 1-0eko emaitzarekin amaitu da.
Bigarren zatiaren hasieran Deportivo izan da nagusi, eta armaginek asko sufritu dute. Deporrek, ordea, ez du aurkariaren ate aurrean asmatu eta minutuak pasa ahala Eibar hobeto jokatzen hasi da. Partida irekita egon da, baina 78. minutuan Arruabarrenak bigarren gola sartu du (2-0).
Gola hartu ostean, Deportivo saiatu da aldeak murrizten, baina ez du 90. minutura arte lortu. Luisek 2-1ekoa sartu du galiziarrentzat, baina jada beranduegi izan da, eta Eibarrek merezitako garaipena lortu du (2-1).
Fitxa teknikoa:
2 SD Eibar: Xabi; Boveda, Arregi, Raúl Navas, Kijera; Diego Rivas (Diego Jimenez, 72. min), Dani Garcia; Jota Peleteiro, Arruabarrena, Morales (Errasti, 58. min); eta Gilvan Gomes (Capa, 81. min).
1 RC Deportivo: Lux; Laure, Marchena, Kaka, Manuel Pablo (Luis Fernandez, 72. min); Alex B.; Seoane (Nuñez, 77. min), Juan Dominguez, Culio (Rudy, 77. min), Luisinho; eta Borja.
Golak: 1-0. 37. min. Arruabarrena; 2-0. 78. min. Arruabarrena; 2-1. 90. min. Luis.
Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez.