Itxi

Futbola

Madrigalen

Ke-poto batek 20 minutuz geldiarazi du Vila-real-Celta partida

Erredakzioa

Ikusle batek, 87. Minutuan, gas negar-eragilez betetako poto bat jaurti zuen, eta jokalariek, epaileek eta ikusleek zelaitik irten behar izan zuten.

0:27

Gertakizun negargarria izan zen larunbatean, Madrigaleko neurketan. Partida Celtak irabazi zion Vila-reali (0-2). Bukatzeko minutu gutxi falta zirenean, ikusle batek ke-poto bat jaurti zuen harmailetatik, eta gas negar-eragilez bete zuen zelaia. Potoa Yoel atezainaren arean jausi zen.

Gasaren eraginak zelaia hustea ekarri zuen, profesionalek eta ikusleek ezin izan zutelako kea jasan. Azkenean, berriz hasi zen neurketa, ordu laurden beranduago, amaitzeko 6 minutu falta zirena, ia ikuslerik gabe.

Fernando Roigek, Vila-realeko presidenteak, ekintza deitoratu eta gaitzetsi zuen: "Ekintza bandaliko hau egin duen pertsonak ez du izenik. Ikertzen ari gara. Dena planifikatuta zegoen eta gaitzetsi behar dugu.

Bruno Sorianok, etxekoen kapitaina, kexu agertu zen, eta bi taldeetako afizioetatik banandu nahi izan zuen erantzulea. Futbolariak ezin du ulertu nola "norbaitek hau bezalako ekintza bat burutzen duen, zelai osoko jendea arriskuan jarriz".

Brunoren arabera, futbolariek momentu txarrak igaro zituzten, urduritasunez beteak: "arnasa hartzea ere zaila zen, eta horregatik, zelaitik ateratzea erabaki dugu. Jasanezina zen".