Itxi

Futbola

Zigorra

Denboraldi batez fitxatu gabe egotera zigortu dute Bartzelona

Erredakzioa

18 urtez azpikoen transferentzietan eta inskripzioetan arauak hausteagatik, ezin izango du hurrengo bi fitxaketa merkatuetan fitxatu.

1:11

Bartzelona eta Espainiako Futbol Federazioa zigortu ditu FIFAren Diziplina-Batzordeak, 18 urtez azpikoen transferentzietan eta inskripzioetan arauak hausteagatik, eta Kataluniako taldeak ezin izango ditu inongo transferentzia motarik egin hurrengo bi fitxaketa merkatuetan, alegia 2015eko ekainera arte. 370.000 euroko isuna ere ordaindu beharko du Bartzelonak.

"Espainiako Futbol Federazioak eta Bartzelonak transferentziaren eta nazioarteko adingabeko jokalarien lehenengo inskripzioaren inguruko hainbat xedapen urratu dituztela baieztatu da, bai eta Espainiako txapelketetako hainbat jokalarien inskripzioaren eta parte-hartzearen inguruko beste arauak ere, 2009 eta 2013 bitartean gertatutakoak", adierazi du FIFAk ohar baten bidez.

Jokalarien nazioarteko transferentziak soilik 18 urte baino gehiago dituztenean baimentzen ditu Jokalarien Transferentziari eta Estatutuari buruzko Arautegiaren 19. artikuluak, FIFAk gogorarazi duenez. Hiru kasutan bakarrik daude baimenduta, betiere batzorde batek onartzen dituenean. Adingabekoak babestea "garrantzia handiko gaia da, eta futboleko eragile guztiak eragiten ditu", esan du Diziplina-Batzordeak.