Futbola
Europa Ligako Finala
Sevillak irabazi du Europa Liga, penaltietan
Mikel Dominguez
Andaluziako taldeak Benficaren kontrako final luzea irabazi du, eta 120 minutuetan hutsean bukatu ostean, bere hirugarren UEFAko Kopa eskuratu du.
Sevillak bere hirugarren UEFAko Kopa irabazi du, oraingoan Europa Liga izenarekin, eta Benficaren madarikazioari Europako finaletan jarraipena eman dio. Neurketarik galdu gabe esan dio agun tituluari Portugalgo taldeak.
Turingo partida bi taldeen borrokarekin hasi zen, baina jokaldiak bukatzeko gaitasunik gabe hasierako minutuetan. Vitolorena izan zen lehenengoa, Sevillarentzat, baina huts egin zuen kontrolean. 14. minutuan, Benficak izan zuen, Garayk korner bat errematatu zuenean, baina Sevillako atzelariek urrundu zuten.
Borroka handiarekin jarraitu zuen norgehiagokak, eta orekatsu ibili ziren bi taldeak, baina ia erritmorik eta abagune argirik gabe. Lehenengo zatiko azken minutuetan, hala ere, biak animatu ziren. Alberto Morenok atera bidali zuen 37. minutuan, baina Benficako atezainak harrapatu zuen, arazorik gabe.
Portugalgo taldeak gol bateko aldearekin joan ahal izan zen atsedlandira, hiru abagune argiren ostean. Bi aldiz salbatu zuen Betok bere taldea, luzapenean, batez ere Rodrigoren jaurtiketa baten ostean. Epaileak atsedenalia adierazi baino lehen, Sevillako atzelarien nahaste bat Gaitanen aukera batean bukatu zen, baina Faziok atera zuen.
Hobeto hasi zuen bigarren zatia Benficak. Rodrigo eta Lima gola sartzetik gertu egon ziren, 49. minutuan. Andaluziako taldeak apur bat estutu zuen, eta joan-etorrikoak hasi ziren. Lehenengo zatian baino animatuago jokatu zuten. Reyesek 55.ean eta 61.ean izan zituen, baina gero, agintea berreskuratu zuen Benficak.
Bigarren zatiko azken hogei minutuetan Benficaren presioa nabaritu zuen Unai Emeriren taldeak, lehenengo zatiaren bukaeran bezala. Hala ere, Beto eta punteria txarra izan zituzten aurrean, eta hutsean bukatu ziren 90 minutuak.
Nekea izan zen 30 minutuko luzapenaren protagonista nagusia. Abagune onena Sevillarena izan zen. Baccak egin zuen, Rakiticen pasearen ostean, baina kanpora joan zitzaion. Betok Cardoso eta Rodrigoren jaurtiketa kaskarrak gelditu zituen, eta garaipena eman zion Sevillari penaltietan. Hirugarren UEFAko titulua Sevillarentzat, eta lehenengoa euskal entrenatzaile batentzat.
FITXA TEKNIKOA
Sevilla: Beto; Coke, Nico Pareja, Fazio, Alberto Moreno; M'Bia, Carriço; Reyes (Marko Marin, m78. min) (Gameiro, 104. min), Rakitic, Vitolo (Diogo Figueiras, 110. min); eta Bacca.
Benfica: Oblak; Maxi Pereira, Luisao, Garay, Siqueira (Cardozo, 99. min); Ruben Amorim, Andre Gomes; Gaitán (Cavaleiro, 119. min). Sulejmani (Almeida, 25. min), Rodrigo; eta Lima.
Penaltiak:
0-1: Lima, barrura.
1-1: Bacca, barrura.
1-1: Cardozo, Betoren geldiketa.
2-1: M'Bia,barrura .
2-1: Rodrigo, Betoren geldiketa.
3-1: Coke, barrura.
3-2: Luisao, barrura.
4-2: Gameiro, barrura.