Futbola
2016ra arte fitxatu gabe
Kirol Arbitrajeko Auzitegiak atzera bota du Bartzelonaren helegitea
ERREDAKZIOA
Bartzelonak ezingo du 2016. urteko urtarrilera arte jokalaririk fitxatu. Ez da onartu FIFAk jarritako zigorraren aurka Bartzelonak aurkeztutako helegitea
FIFAk Bartzelonari ezarritako zigorrak aurrera egin du, Kirol Arbitrajeko Auzitegiak Bartzelonak aurkeztutako errekurtsoa atzera bota baitu. Hortaz, Bartzelonak ezingo du 2016. urteko urtarrilera arte jokalaririk fitxatu. Eta, horrez gain, Kirol Arbitrajeko Auzitegiak asteartean iragarri duenez, talde katalanak 370.000 euro ordaindu beharko ditu zigor gisa.
Gauzak horrela, Bartzelonak ezin izango du parterik hartu ez denboraldiko honetako neguko merkatuan, ezta hurrengo denboraldiko udako merkatuan ere.
Adin txikiko jokalarien fitxaketen arautegia urratzeagatik zigortu zuen FIFAk Bartzelona. Baina azken horrek aurkeztutako apelazioa zigorra gelditzea eta 2014ko udako merkatuan sartzea ahalbidetu zuen.
Aurreko udan, errekurtsoak aurrerara egingo ez zuela aurreikusita, milioi askoko inbertsioa egin zuten katalanek jokalariak kontratatzeko -150 milioi inguru-. Abuztuaren bukaeran berretsi baitzuen FIFAk zigorra, eta oraingoan, Kirol Arbitrajeko Auzitegia izan da Bartzelonaren errekurtsoa onartu ez duena.
Orduan, Josep Maria Bartomeu Bartzelonako presidenteak salatu zuen egoera, eta “esku beltz” bat zegoen susmoa zabaldu zuen. Baina denborak aurrera egin ahala, presidenteak berak, bestelako jarrera hartu du. Alegia, adin txikiko jokalarien kontratazioetan, Estatutuaren eta jokalarien transferentziak arautzen dituen 19. artikulua urratsen zuten erabakiak hartu zituztela onartu zuen.