Itxi

Futbola

0-1

Euskal Selekzioak garaipena lortu du Kataluniaren aurka

A.B.

Euskal Herriko selekzioak 0-1 irabazi dio talde katalanari Camp Noun. Aritz Adurizek sartu du partidako gol bakarra, 40. minutuan.

5:56

Euskal Selekzioak garaipena lortu du Kataluniaren aurka, 0-1eko emaitzarekin. Bi selekzioen arteko partida Camp Noun (Bartzelonan) jokatu da, eta Aritz Adurizek sartu du norgehiagokako gol bakarra, 40. minutuan.

Katalunia honako hamaikakoarekin zelairatu da: Pau; Aleix, Pique, Bartra, Alba; Busquets, Verdú, Sergi Roberto; Victor Rodriguez, Piti eta Sergio Garcia. Euskal Selekzioak, aldiz, hamaikako hau atera du: Iraizoz; Boveda, Ansotegi, Iñigo Martínez, Bertxitxe; San Jose, Illarramendi, Xabi Prieto, Muniain; Toquero eta Aduriz.

Lehen zatia erritmo bizikoa izan da, eta lehen minutuetan Katalunia baloiaren jabe izan den arren Euskal Selekzioak azkar parekatu du neurketa. Lehen abagunea Euskal Selekzioak izan du, baina Pau atezainak erantzun bikana eman dio Adurizen erremateari. Ondoren, Kataluniaren eranztuna etorri da; lehenengo, Iraizozek ondo erantzun dio Verduren jatuketari, eta, ondoren, Athleticeko atezainak buruz burukoa atera dio Sergio Garciari. Talde katalanaren abaguneen ostean, Euskal Herriko selekzioa golaren bila joan da, eta 40. minutuan, Adurizek sartu du 0-1ekoa. Euskal aurrelariak Illarramendiren pasea jaso eta sare barrura bidali du errematea. Atsedenaldira iritsi orduko, Etxarrik eta Amorrortuk zuzendutako taldeak bigarren gola sartzeko abagunea izan du, baina Pau atezainak euskaldunen gola eragotzi du beste gelditu on bat eginda.

Kataluniak zazpi aldaketa egin ditu atsedenaldian eta bigarren zatia hamaikako honekin hasi du: Masip, Verdu, Sergio Garcia, Bartra, Aleix Vidal, Javi Marquez, Víctor Alvarez, De la Bella, Keita Balde eta Gerard Moreno. Ondoren, 60. minutuan, beste lau aldaketa egin ditu; Montoya, Didac Vila, Alvaro Vazquez eta Jordan zelairatu dira, Verdu, Bartra, Sergio Garcia eta Aleix Vidal jokalarien ordez.

Eusal Selekzioak, aldiz, hamaikakoa guztiz aldatu eta jokalari hauekin ekin dio bigarren zatiari: Riesgo, Balenziaga, Carlos Martinez, Aurtenetxe, Capa, Markel Bergara, Xabi Etxeita, Mikel Rico, Roberto Torres, Agirretxe eta Eraso.

Talde kataluniarra izan da nagusi bigarren zatian. Kataluniak izan du bigarren zatiko lehen abagunea, baina Verduk egindako jaurtiketak langa jo du. Euskal Selekzioa saiatu da erantzuten eta Agirretxek bigarren gola sartzeko aukera izan du, baina Realeko aurrelaria lokartu egin da area barruan eta abagunea ezerezean geratu da. 70. minutuan, Kataluniak gola sartu du, baina epaileak legez kanpo utzi du, Gerard Moreno jokoz kanpo egon baita. Asmatu egin du epaileak.

Azken minutuetan, Kataluniako selekzioak erasora jo du, baina ez du Riesgok defendatutako ate inguruan abagune argirik sortu eta Euskal Selekzioak garaipena erdietsi du (0-1).