Futbola
Baztertuta
Aitor Karankaren egoera bitxia Middlesbroughen
Redacción
Klub ingeleseko Zuzendaritza Batzordeak lehen taldeko diziplinatik baztertu egin du, baina entrenatzailea izaten jarraitzen du. Jokalari batzuekin izandako liskarrak eragin du egorea hau.
-
Aitor Karanka, Middlesbrougheko entrenatzailea. Argazkia: EFE
Aitor Karanka euskal entrenatzailea egoera arraroa bizitzen ari da Ingalaterrako Middlesbrough taldean. Bolada txarrean dauden arren, Championshipeko (Ingalaterrako Bigarren Maila) igoera postuetan jarraitzen du Middlesbroughek. Giroa, ordea, guztiz nahasita dago. Zuzendaritza Batzordeak Karanka klubaren diziplinatik baztertu du, aldagelan pisu handia duten jokalari batzuekin liskarra izan ostean.
Igandean, Karankak ez zuen Middlesbroughek Charlton Athleticen aurka jokatu zuen partida zuzendu, ezta larunbateko lan saioa ere. Klub ingelesak komunikatua argitaratu zuen egoera azaltzeko. "Aitor Karankak ez du larunbateko entrenamendua zuzendu eta bigarren entrenatzailea den Steve Agnewk zuzenduko du Charlton Athleticen aurkako partida. Badakigu zaleek azalpen gehiago nahi dituztela, baina une honetan klubak ezin du ezer gehiago esan”, adierazten zuen klubaren oharrak.
Middlesbroughek galdu egin zuen Charlton Athleticen aurkako partida. Taldeko jokalari garrantzitsu batzuekin liskarra izateaz gain, Karankaren eta Zuzendaritza Batzordearen arteko harremana ez da oso ona, fitxaketa batzuen ondorioz.
Bestalde, Karankak zaleen babesa du. Charlton Athleticen zelaira gerturatu ziren Middlesbrougheko zaleek "Karanka itzultzea nahi dugu" kantatu zuten partidan zehar. Euskal entrenatzailea astearte honetan batzartuko da Steve Gibson klubeko jabearekin, erabaki bat hartzeko.