Futbola
'Azken txanpa'
BBVA Liga: Bartzelonaren eta Real Madrilen arteko lehia estua
Jon Lopez
Erredakzioa
Puntu bakarreko aldea dago titulua eskuratzeko aukerak dituzten bi taldeen artean. Jokatzeke, bost jardunaldi besterik ez. Nork irabaziko?
BBVA Liga txapelketa eskuratzeko lehia izugarri estutu da eta Real Madrilek Bartzelonaren atzetik jarraitzen du sendo.
Barçaren eta Espanyolen arteko berdinketak (0-0) Cornella-El Praten larunbatean, eta Real Madrilek igandean Valentziaren aurka lortutako garaipenak (2-0), katalanen eta madrildarren arteko aldea puntu bakar batera murriztu da. Guardiolaren taldeak oso hurbil dauka Pellegrinirena.
Lehenengo bi sailkatuen zenbakiak ikusgarriak dira eta Madril aldean 98 puntuak jarri dute helburu. Horretarako, talde zuriak gelditzen diren bost partidak irabazi beharko lituzke.
Bartzelonak arrakasta du aldeko. Guardiolak ia titulu guztiak irabazi ditu eta bai entrenatzaileak eta baita jokalariek duten konfidantzaren maila altua da oso. Aurka, Txapeldunen Liga dute. Erronka garrantzitsua dute bartzelonarrek kontinenteko kluben arteko txapelketa garrantzitsuenean eta horrek, akaso, ondorioak izan ditzake.
Real Madrilek liga du helburu bakarra. Kopa eta Txapeldunen Liga aspaldi ahaztu zuten madrildarrek eta liga txapelketan jarri dituzte itxaropen guztiak Pellegrini eta bere mutilek.
Gainerako lehietan, Europa eta jaitsiera denen hizpide. Europako txartelak lortzeko bost hautagai. Valentziak hirugarren postua esku-eskura du, baina 4.etik 8.era Sevillak, Mallorcak, Vila-realek, Athleticek eta Getafek lehia estua izango dute hurrengo bost jardunaldietan.
Jaitsieraren zigorra ere, bost talderentzat. Bik ihes egingo dute baina beste hiruk Adelante Ligan jokatuko dute datorren sasoian. Zaragoza, Malaga, Tenerife, Valladolid eta Xerez dira jaitsiera-postuak saihesten saiatuko diren taldeak.