Itxi

Futbola

Heriotzaren lehen urteurrena

Dani Jarque, gogoan

Andoni Beldarrain

Erredakzioa

2009ko abuztuaren 8an hil zen Espanyol taldeko kapitaina. Gaur urte bat bete da Jarqueren heriotzatik. Bere taldearekin Italian kontzentratuta zegoela hil zen.

Gaur, abuztuaren 8a urte bat bete da Dani Jarque Espanyoleko kapitaina hil zenetik. 2009ko abuztuaren 8an Espanyol denboraldiaurreko kontzentrazio baten zegoen Covercianon (Italia) eta egun horretan hil zen Dani Jarque.

Hoteleko bere gelan zegoen Dani Jarque abuztuaren 8ko iluntzean eta bere andregaia zen Jessicarekin telefonoz hitz egiten ari zen. Bat-batean, ordea, Jarquek hitz egiteari utzi zion. Momentu hortan, Jessicak Daniren taldekidea eta laguna zen Corominasi dei egin zion gertatu zena azaltzeko. Corominas eta taldeko medikuak segituan Jarqueren gelara joan ziren, baina lurrean botata aurkitu zuten talde perikitoko kapitaina eta ezin izan zuten ezer egin heriotza eragozteko.

Jarquek 26 urte zituen hil zenean eta Espanyol taldeko izarra zen, harrobiko jokalaria eta kapitaina. Oso maitatua zaleen artean eta horregatik ugariak izan dira urte guztian zehar eskaini dizkioten omenaldiak. Jarqueren ametsetako bat kapitainaren besokoarekin Ligako lehen partida jokatzea zen Cornella-El Prat Espanyolen futbol zelai berrian. Amets hori, zoritzarrez, ezin izan zuen gauzatu.

Bere heriotzatik gaur arte jendeak lorak, futbol kamisetak, kartak eta hainbat gauza gehiago utzi ditu Cornella-El Prat estadioko 21. atean, 21a baitzen Dani Jarquek bizkarrean zeraman zenbakia. Zenbaki hori, 21a erretiratu egin zuen Espanyolek. Espanyolek Cornella-El Prat zelaian jokatzen dituen partida guztietako 21. minutuan zaleek txalo zaparrada batekin omentzen zuten Dani Jarque. Azken omenaldietako batek iragan uztailaren 11n izan zuen data. Espainiako futbol selekzioak Hegoafrikako Munduko Txapelketa irabazi zuen. Finalean, Andres Iniestak sartu zuen garaipenaren gola eta bere barruko kamisetan honakoa jartzen zuen: "Dani Jarque beti gurekin" (gaztelaniaz). Bi jokalari hauek elkarrekin jokatu zuten Espainiako selekzioko maila txikietan.