Futbola
0-3
Bartzelonak Liga erabakita utzi du Real Madrili irabazi ostean
Erredakzioa
Barçak 0-3 irabazi du Santiago Bernabeun, Luis Suarezen, Messiren eta Vidalen golekin.
-
Bartzelonako jokalariak Real Madrili sartutako hiru goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE
Bartzelonak 0-3 irabazi dio Real Madrili Santiago Bernabeu zelaian Ligako 17. jardunaldiari dagokion partida. Ondorioz, Barçak sendotu egin du lidergoa eta 14 puntura utzi du Real Madril.
Real Madril nagusi izan da lehen zatian eta Bartzelona ezinean ibili da, baina Zidanek zuzentzen dituen jokalariek ez dute aurkariaren ate aurrean asmatu. Bigarren zatiaren hasieran, ordea, Luis Suarezek 0-1ekoa sartu du Barçaren lehen abagunean. Ondoren, Real Madrilek erasora jo du berdinketaren bila, baina erasoan ez da fin ibili. Horrela, Bartzelonaren eraso batean Carvajalek erremate bat eskuarekin moztu du area barruan, txartel gorria ikusi du, eta Messik penaltiz sartu du 0-2koa. Jokalatri bat gutxiagorekin egon arren, Real Madrilek aldeak murrizteko abaguneak izan ditu, baina Ter Stegen atezainak eragotzi egin ditu guztiak. Gainera, azken minutuan, Vidalek 0-3koa sartu du Bartzelonaren garaipena biribilduta.
Fitxa teknikoa:
0 - Real Madril: Keylor Navas; Carvajal, Varane, Sergio Ramos, Marcelo; Casemiro (Marco Asensio, m.73), Kovacic (Bale, m.73), Kroos, Modric; Cristiano Ronaldo eta Benzema (Nacho, m.66).
3 - Barcelona: Ter Stegen; Sergi Roberto (Aleix Vidal, m.90), Pique, Vermaelen, Jordi Alba; Busquets, Rakitic, Paulinho (Andre Gomes, m.84), Iniesta (Semedo, m.76); Luis Suarez eta Messi.
Golak: 0-1, m.54: Luis Suarez. 0-2, m.64: Messi, penaltiz. 0-3, m.93: Aleix Vidal.
Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez.